argia.eus
INPRIMATU
Materialismo histerikoa
Erabakimena
Uxue Apaolaza Larrea 2024ko apirilaren 17a

Balirudike dena kontrolpean dagoela, badakitela guri nola sinetsarazi edozer, ez dugula inoiz, berez, guk nahi duguna egiten. Iragarki konstante batean bizi bagina bezala, esaten dugu “aukera berdintasuna”, eta pentsatzen dugu esaten ari garela “aukera berdintasuna”, edo PSEk esaten du aniztasuna, hizkuntzez ari direnean, eta ulertzen dugu aniztasuna bermatu nahi dutela. Politikariek maiz esaten dute “jendeak badaki”, “jendea ez da inozoa”... eta kontrakoa esan nahi dute, hori esaten dutenean, jendeak beraien alde egin baitu, ziur. Hala ere, sinetsiko ez bagenu, iragarkiari jostura guztiak ikusita ere, zer.

Zer ez dugu ikusi Palestinan. Zer iragarki-egoerak estal dezake hura? Hemen badugu gertatzen ari denaren nolabaiteko bertsio kontrastea, kazetari asko dira han begiak dituztenak, eta hangoa azaltzen digutenak (ze preziotan), eta hala ere... Izan zitekeen gizartea konbentzitu dutela berriro, arma-enpresei komeni zaiena guri ere komeni zaigula sinetsi izana, baina ez da hala. Errusia deabrua zela errazago sinetsarazi zuten, Palestinarrei gertatzen ari zaiena Hamasen errua dela baino. III. Mundu Gerraz aspaldi ari gara entzuten, eta segidan, nuklear (hauteskundeetan ere pentsatu behar genuke gauza hauetan, klase ertainkideok). Iran entzun dugu egunotan.

Eta jarraituko dugu armak entzuten, arma enpresei komeni zaiena egiten... berez, ez gaituztelako konbentzitu behar. Horrek gauzak pixka bat zailtzen dizkie hauteskunde kanpainetan nahi dituzten emaitzak lortzeko (edo lortzen ez badituzte, gero, emaitzak zuzentzen), baina, berez, nahi dutena egin dezakete. Ez daukagu erabakimenik. Ezin dugu erabaki bonbardatu, ala ez; ezin dugu erabaki nor bonbardatu. Bonbardatzen ari gara.