argia.eus
INPRIMATU
Lurraldea eta arkitektura
Eraikinaren gorputza
Ula Iruretagoiena 2024ko apirilaren 17a

Baltimore ibai gaineko zubiaren erorketa urte bukaerako oroimeneko irudien artean jasoko da, zubi baten erorketa ikuskizun zirraragarri eta salbuespenekoa baita. Zeren eta zubiak eta eraikinak ez dira berez erortzen, lehergailu edo artefaktu baten eztandak bat-batekotasunaren lur-jotzea dakar, brruuuummm soinu hotza eta hauts igoera larriarekin batera. Hezurduraren berezkotasunak zutik mantentzeko joera du, izaki bizidunek bizirik egoteko joera naturala dugun bezalaxe. Egituraren kolapsoak aurreikusi ezinezko istripu bat behar du, gertakizunen bat erorketa gauzatzeko. Gainontzeko istripu asko aintzat hartzen dira hezurduraren kalkulurako edo eraikinen bizi-esperientziek erakusten dute zurruntasuna izateko egituraren nolakotasuna lodieran eta forman.

Giza-gorputzaren kolapsoa ere oso arraroa da. Eraikina eta espazioa gorputz baten metaforarekin azaltzeak gertutasuna eta maitasuna eskaintzen dio eraikuntzaren materialtasunari, ustez. Eraikin bat zahartu eta gaixotu egiten da, giza-gorputzaren antzera. Ez da antropomorfismoa, materiaren bizi-zikloa ulertzeko modu erraz bat baizik. Naturako beste espazio baten moduan, gauza berdina baita, gizakiak egina izanagatik ez dio bizi-zikloetatik aldentzen eta. Eraikinak bakarrik laga eta tristetu egiten dira energia hilarekin gelditzen direlako; eraikinarekin utzikeriaz harremandu ezean hautsaren presentziak atxikimendu eza adieraziko du. Gizaki eta eraikinaren erlazioaz gain, edadeak ere eragiten du espazioan: denboraren poderioz eraikinek arrakalak agertu ditzakete mugimenduen arrasto gisa edo gaixo daudela komunikatzen dute pitzaduren bitartez. Beste edozein organismo bezala, eraikinek atentzioa eta zaintza eskatzen dute, bestela bere izaeraren ezaugarriak aldatu egiten dira. Etxearen mantenuaz hitz egiten dugu ekintza tekniko eta hotz baten moduan, mantenua etxearekiko dugun maitasun harremanaren adierazpena denean.