argia.eus
INPRIMATU
Zoriontasuna
Eva Perez-Pons Andrade @Eva__96 2024ko apirilaren 10a

Zoriontsuago izateko te matcha edaten hasi naiz goizetan. Mugikorrean agertzen zaizkidan iragarkien arabera, gaitz guztiak kentzen ditu edari berdeak; antsietatea eta nekea, batik bat. Deabruak zaporerik balu, te matcha zaporea izango luke. Edo algarroba zaporea. Azkenean, engantxatu egin natzaio zapore mikatzari, deabruari bezala.

Merituak eginda lortzen da zoriontasuna kapitalismoan; zoriontasuna ez dator debalde, zerbait egin behar da zoriontsu izateko. Batez ere kontsumitu. Zioen Juanjo Olasagarrek Puskak biziz poesia liburuan, duela 24 urte, zoriontasuna burges doilor heterosexualek ezarritako diktadura demokratikoa dela. Urteak pasatu ahala, zentzu handiagoa hartzen diot esaldi horri. Zoriontasuna hegemoniak sortu baldin badu, kontra-hegemonian ezingo gara sekula zoriontsu izan. Bateraezintasun horrek lasaitzen nau. Zoriontasunaren mitoa deseraikitzen laguntzen dit. Hala ere, noizbehinka, mitoaz kontziente eta funtzionatuko ez dutela aski dakidan arren, saiakerak egiten ditut zoriontsuago izateko. Kontraesanean bizi ez dena pribilegioan bizi da, argi dago.