argia.eus
INPRIMATU
Yale: prestigioa esklaboen truke
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2024ko apirilaren 10a
Azken urteetan Yaleren ondasunaren jatorria aztertu dute hainbat ikerlarik. Eta Joseph Yannielli historialariak funtsezko elementu bat gehitu die Yaleren diru-iturriei: esklabotza.
Azken urteetan Yaleren ondasunaren jatorria aztertu dute hainbat ikerlarik. Eta Joseph Yannielli historialariak funtsezko elementu bat gehitu die Yaleren diru-iturriei: esklabotza.

Killingworth (Connecticut, AEB), 1701. Collegiate School goi mailako ikasketa zentroa fundatu zuten. 1716an eskola berria New Havenera aldatu zuten eta handik bi urtera, 1718an, Yale izena hartu zuen gaur egun AEBetako eta munduko unibertsitate prestigiodunetakoa denak.

Urte hartan Bostonen jaiotako Elihu Yale (1649-1721) negozio gizonak bederatzi merkantzia fardo eman zizkion dohaintzan unibertsitateari. 560 libra inguru lortu zituzten dohaintza salduta eta, horri esker, eraikin berri bat egitea lortu zuten. Horregatik jarri zioten unibertsitateari filantropoaren izena.

Hogei urtez Ekialdeko Indietako Britainiar Konpainiako kide izan zen Yale; geroz eta kargu garrantzitsuagoak lortu zituen, eta 1684tik aurrera Madraseko (India) gobernadore izan zen. Espekulazioaren bidez, Konpainiaren dirua bere onurarako erabili zuen, merkatariekin isilpeko kontratuak eginda. Finean, India harpilatzen dirutza izugarria bildu zuen. Konpainiaren kontrako jardunak zirela eta, kargutik bota zuten 1699an. Ingalaterrara joan zen orduan, eta bildutako ondasuna xahutzen hasi zen, tarteka prestigioa eta izen ona emango zioten dohaintzak eginez. Hala, Madrasen bere krudelkeria eta diru-goseagatik ezagun egin zena, “karitate handiko gizona” bihurtu zen hil ondoren.

Azken urteetan Yaleren ondasunaren jatorria aztertu dute hainbat ikerlarik. Eta Joseph Yannielli historialariak funtsezko elementu bat gehitu die Yaleren diru-iturriei: esklabotza

Azken urteetan Yaleren ondasunaren jatorria aztertu dute hainbat ikerlarik. Eta Joseph Yannielli historialariak funtsezko elementu bat gehitu die Yaleren diru-iturriei: esklabotza. Yannielliren esanetan, Yalek ez zuen soilik esklabotza onartu, “Indiako Ozeanoko esklabo merkataritza zuzendu eta bultzatu zuen”. 1680ko hamarkadan arau berezi bat jarri zuen indarrean: Indiako portuetatik ateratzen ziren europar ontziek gutxienez 10 esklabo eraman behar zituzten derrigorrez.

Yaleren lehen biografoek ez zuten esklabotzarekin zuen lotura aipatu ere egin. Baina Ekialdeko Indietako Britainiar Konpainiaren agiri eta akta guztiak digitalizatuta eta edozeinen eskura daude gaur egun, eta Yannieliren hitzetan, “orain ez dute aitzakiarik ezikusiarena egiteko”. Yannielli ez da gaia aztertu duen bakarra eta geroz eta gehiago dira unibertsitateak izena alda dezan eskatzen ari direnak.

Azken hiru urtetan David Blight historialaria buru duen Yale unibertsitateko lantalde batek ere lotura hori xehe aztertu du. Duela aste batzuk, Yale and slavery: a history izeneko liburu mardula aurkeztu du unibertsitateak, ikerlan hori jasoaz. Horrekin batera, Yale unibertsitateak barkamena eskatu du instituzioak esklabotzarekin izan zuen loturagatik. Baina barkamen ofizialean izena aldatzeko aukera ez da aipatu ere egiten.