argia.eus
INPRIMATU
Teknologia
Desinformazioaren jokoa
Diana Franco 2024ko apirilaren 10a

Askotan pentsatzen dut informazio larregi jasotzen dugula, eta, zeinen ondo bizi den ezjakintasunean. Hainbeste informaziorekin, pertsona xumeok botere ezberdinen helburuak eta horiei loturiko jokabideak ulertzeko ditugun aukerak inoiz ez bezalakoak direla dirudi. Baina ez da musu-truk, informazio guzti horrek lasai bizi nahi ditugun bizitzetan eragina duelako eta jasotzen dugun informazioari modu kritikoagoan begiratu behar diogulako. Zentzu horretan, Tachtical Tech irabazi asmorik gabeko erakundeak,eremu digitalean egiten dugun erabileran laguntzeko hezkuntza material interesgarri bat argitaratu du, batez ere kazetariei zuzenduta, eremu digitalean funtzionatzen duten desinformazio sareek gure munduari forma emateko duten ahalmena ulertzeko. Materialaren izenburua: “Zelan hauteman linean dauden desinformazio sareak”.

Gidaren autoreak, Nicola Brunok, honako lau pauso gomendatzen ditu desinformazioaren haritik tiratzeko: Lehena: webguneak desinformazioa zabaltzen al duen aztertu (desinformatzen duten webguneetan egon daitezkeen datuak kontrastatzeko baliabideak partekatzen ditu). Bigarrena: webgunearen atzean nor dagoen begiratu. Hirugarrena: dirua jarraitu (kasu honetan, webguneak erabiltzen dituen publizitate finantzaketa moduak aztertzea proposatzen du, adibidez, publizitate ID-ekin lotzen diren webguneak begiratuta). Laugarrena eta azkena, webgune horretan dagoen edukia sare sozialetan zelan zabaltzen den ikusi, sare sozialak baitira eremu digitalean pertsona nitxo ezberdinetara heltzeko bide eraginkorrena, eta desinformazioa hedatzeko aukera ugari ematen dute.

Benetan lan neketsua iruditzen zait, kazetariek eta batzuetan herritarrok egin behar dugun lana maremagnum honetan desinformazioaren jokoan ez erortzeko.