argia.eus
INPRIMATU
Superretik Subera
Sukar Horia @HoriaSukar 2024ko apirilaren 10a

Iaz ireki zuten Supersurraren fase berria. Bilboko azken haran naturala porlanez zikindu ostean, bidesaria ordaintzeko prest dauden gidariek, eta erratuta Supersurrera sartzen diren horiek, minutu pare bat irabazi ahal dizkiote erlojuari.

Eraikuntza enpresek dezente gehiago irabazi dute, 220 milioi euro, zehazki. Zergen bidez azpiegitura hori ordaindu behar izan dugun bizkaitarrok beste horrenbeste galdu dugu, eta, klima larrialdiaren ondorioak pairatuko ditugunok, beste itxaropen puska bati uko egin behar izan diogu.

Baina azpiegitura horrek ez du Bizkaiko aberatsen porlan gosea ase, eta Foru Aldundiak Pradalesen ahotik iragarri du uda ostean Subflubiala, edo Itsasadar Azpiko Tunelaren eraikuntza, martxan jarri nahi dutela. Autobide berriak Leioa eta Sestao lotuko lituzke 3,5 kilometro inguruko tunel baten bidez.

Momentuz, Foru Aldundiak 450 milioi bideratuko dituela iragarri du, baina Supersurraren eredua jarraituz gero, kopuru hori dezente handituko da, bereziki kontuan hartzen badugu zulatu behar den ingurunea harez, urez eta lur kutsatuz josita dagoela (begiratu Donostiako metroari).

Bizkaiko Foru Aldundiak berak onartzen duen moduan, autobide berriak inguruko trafikoa %33 handituko luke, eta kutsadura eta berotegi efektuko gasen isurketak handituko

Supersurraren biktima nagusia Bolintxu ibarra izan zen era berean, oraingoan Artatza-Romo institutua izango da kalte handiena jasango duena. Izan ere, tunela ikastetxe albotik (eta patioaren azpitik) pasako litzateke. Ikasle eta langileek jasan beharko lukete gutxienez lau urte iraungo duen obra, eta batere makalak ez diren ondorioak pairatuko lituzkete: 90 dezibelio inguruko zaratak, kutsadura, kamioiek dakarten arriskua… Zein gurasok nahiko luke bere seme-alabek hori sufritzea egunean sei orduz? Zein langilek nahiko luke hori izatea bere eguneroko ogia lanean? Finean, institutuaren beraren etorkizuna kolokan jarriko luke proiektuak.

Baina institutua ez da kaltetu bakarra izango. Bizkaiko Foru Aldundiak berak onartzen duen moduan, autobide berriak inguruko trafikoa %33 handituko luke, kutsadura eta berotegi efektuko gasen isurketak handituko lituzke, eta, beraz, bizkaitar guztiok kaltetu. 450 milioi horiek beste zeozertarako erabiltzeak lagun zitzakeen beste herritar horiek ere kaltetuak izango dira: Osakidetzako itxaron zerrendetan daudenak, garraio publikoaren erabiltzaileak, zainduak izan behar duten horiek…

Azpiegitura horren irabazleak erraz ondoriozta ditzakegu: eraikuntza enpresak. Beste zein proiektu txikitzaile izango ote dute kaxoian gorderik? Zeintzuk izango ote dira kaltetuak? Jakin nahi ez badugu, hobe dugu posible dugun guztia egin Subflubiala gelditzeko.