argia.eus
INPRIMATU
Materialismo histerikoa
Diferentziak
Uxue Apaolaza Larrea 2024ko apirilaren 10a

Datozen hauteskundeak bereziak dira, hauteskunde guztiak diren moduan; bat ez dela esaten diguten egunean izango da berezia, esaten digutenean “aurten gertatuko den guztia, gertatu da lehenago ere”. Asko erabakitzen omen dugu. Beldur pixka bat ematen du, ez? Zer? Zer gertatuko da biharamunean? Nora begiratu behar dut ohartzeko?

Denek egiten dute paseotxo bera, atzeko aldetik aurrera, besarkada, esku-estutu, txalo besoak jasota, soinua ikus dadin, eta, gero, auzolotsa eman behar ligukeen momentu bat: hizlariak eta publikoa, aurrez aurre, elkarri txaloka, zoriontasunaren museoaren iragarki betean. Inor ez da igotzen behar lukeen mala ostiaz. Ez dirudi inor hil ala biziko ezer erabakitzera datorrenik.

Denek diote beraiek direla alderdi zentratua. Ez zentrokoa (nahiz eta ere bai, bakoitza bere joeratxoekin), zentratua. EHBilduren garaipena zentratuen taldeko egin izana da, momentuz. Besteak baziren lehendik, baina, orain, denak Korrika berean, denok zintzo, zaila dago bereizten. Denek zerbitzu publiko, denek Osakidetza, denek zaintza, denek, bereziki, epe motzeko hitzak, etorkizun asko errepikatu arren. Ez eskuin, ez ezker, Keynes digitalizatuak. Betiko errebeldea zentzatuta, neurriak botatzen dizkigute, “euro batean!”, oso antzekoak.

Denak dira zoriontsuak, zentratuak, pragmatikoak, gaur egungoak, gertukoak, ezezagunak. Inor ez beldurtzeko jarriak. Beldurrek pista asko ematen dituzte ba. Eta, agian, azaldu dira batzuk. Azalduko dira beste batzuk. Eta ikusiko ditugu diferentziak.