argia.eus
INPRIMATU
Errekak ez du planeatzen
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2024ko apirilaren 12a
Errekak nola / Bananas / Usopop, 2023
Errekak nola / Bananas / Usopop, 2023

Garai batean, buruz genekizkien The Dark Knight filmeko Jokerren esaldi guztiak, “kaosaren agentea” zenez gero. Horrelakorik zuen, esaterako, bere jokabidea azaltzeko: “Plan bat duen tipo bat al dirudit? Badakizu zer naizen? Autoen atzetik korrika doan txakur bat. Ez nuke jakingo zer egin bat harrapatuko banu. Asmorik gabe ari naiz. Mafiak planak ditu. Poliziak planak ditu. Gordonek planak ditu. Haiek makinatzen dute. Beren mundu txikiak kontrolatzeko makineria erabiltzen dute. Nik ez dut makinatzen. Saiatzen naiz irakasten egiten dutenei zein patetikoa den gauzak kontrolatzen saiatzea”.

Ez nago planen kontra, planak onak badira. Ordea, planeatzaile gehienak ez dira fin ibiltzen; haien iparrorratzekin ondokoaren bidea segi asmoz, zenbat eta zenbat diren arrakastaren bila galdu direnak. Berdin bizitzan, musikan, zein politikan –azken atal hori beste baterako utziko dugu, badaezpada–.

Bananas taldearena da adibide. Planeatutakoaren oso kontra atera da, euskal screamo-ren onerako –euskreamo ere entzun dut hor nonbait–. Touche Amore taldearen estiloko bost kanta grabatzeko geratu ziren lagun batzuk, eta EP bat argitaratu: Azal bat urdiña (Autoekoizpena, 2018). Asmoa zuzeneko bakar bat ere ez ematea zen, baina zaleak txanpiñoiak nola ugaritu eta, kontzertua ez ezik, disko berri bat ere eskaini zieten, 2021ean, Garun eta eztarri.


Horrela bada, apur bat haien planen kontra, eta gogoaren kontra, beste zazpi pieza berri bildu ditu Donostiako boskoteak. Lehendik Madeleine, Adrenalized, Yaw eta Hyedra gisako taldeetan aritutako bost mutilek –bai, taldearen izena hobetu zezaketen–, eremu berri batera eraman dute oraingoan haien lana, poparen eta post-hardcorearen arteko eremu arrotzean nabigatuz.
Akaso ez da hain arraroa: eztarri urratuak, ukabilak eta auhenak, melodia basatiekin. Taldean abesteko eta maitatzeko musika da hardcorea, eta puristaren bati lar popero iruditu liezaiokeen arren, pogo eta izerdi egiteko musika aproposa eskaini dute Errekak Nola lanean.

Ohar txiki bat: Hardcoreak denetik duen arren, otoi, pogoa egiterakoan begiratu nor duzun ondoan. Bananaz beteta dago eszena, eta ez dadila egon ere publikoa. Zaindu dantzak, gune parte hartzaileak izan daitezen.
Disko labur eta hunkigarria da. Espero ez zutelako iritsi da. Planik gabe dagoelako da zintzoa, eta gertukoa. Bere esaldiak ahaztu arren, Jokerrekin jarraitzen dut nik. Eta Txemak taldearekin: “Batman zer? Batman sutara!”.