argia.eus
INPRIMATU
Analisia
Ez iskin egin zaintza sistemari
Ainhoa Etxaide Amorrortu 2024ko apirilaren 10a
Azaroaren 30eko greba orokor feministan zaintza sistema publiko duin bat aldarrikatu zen. Argazkia: Ekinklik
Azaroaren 30eko greba orokor feministan zaintza sistema publiko duin bat aldarrikatu zen. Argazkia: Ekinklik

Arabako Foru Aldundiaren erabaki batek etxez etxeko zerbitzurik gabe utzi ditu 150 pertsonatik gora, EH Bilduk salatu duenez. 700 euroren truke etxe barruko langile edo interna jarri behar izaten dira emakume etorkin asko, ez dutelako logela bat ordaintzeko modurik, Nafarroako Thycna elkarteak salatu duenez. Etxeko langileen lan-hitzarmena negoziatzeari uko eginda, langile horien baldintzak hobetu eta lan eskubideak ziurtatzea galarazten dute, LABek salatu duenez. Zaintzak albiste iturri izaten jarraitzen du. Ez da albistea izan, baina lerro bururen bat edo beste mereziko lukeen berria bada zaintzak bere bidea egin eta bere lekua hartu duela hauteskunde programa gehienetan.

Eusko Jaurlaritzatik politika publikoak zuzendu nahi dituenak, zaintza sistemari buruzko proposamen zehatzetan sartu behar izan du, eta zaintza greban egin ziren eskakizunen aurrean busti

Eusko Jaurlaritzatik politika publikoak zuzendu nahi dituenak, zaintza sistemari buruzko proposamen zehatzetan sartu behar izan du, eta zaintza greban egin ziren eskakizunen aurrean busti. Aldarrikapenak bereganatzeko edota alboratzeko izan, zaintzaren borrokak erabaki politikoak behartu ditu, eta horrela, lortu nahi dugun zaintza sistemarako bidean urratsak egiteko, lehen ez zeuden aukerak sortu dira.

Borrokak instituzionalizatuz itotzea estrategia zahar bezain ezaguna da, eta arrisku hori badago oraingoan ere. Baina aldarrikapenak politika publiko bilakatzeko eta eskatzen ditugun aldaketak errealitate bihurtzeko, borroka horiek beren bidea egin behar dute instituzioetan. Eta ireki dugu ate hori. Zaintza lanak berrantolatuko dituen sistema berria eraikitzeko borrokari segida emateko baldintzak, hobeak dira gaur. Ez da txikia mobilizazioak ekarritakoa, ez dira gutxi mobilizatzen eta presionatzen jarraitzeko ditugun arrazoiak.