argia.eus
INPRIMATU
Viriditas berdea da
Ainhoa Aldazabal Gallastegui 2024ko martxoaren 31
Viriditas / Aina S. Erice (idazlea) eta Amanda Mijangos (ilustratzailea) / A fin de cuentos, 2022
Viriditas / Aina S. Erice (idazlea) eta Amanda Mijangos (ilustratzailea) / A fin de cuentos, 2022

Viriditas tituluaren azpian Landareen mundu zoragarria ikusarazi ziguten emakumeak azpititulua irakur dezakegu. Tapa gogorra duen liburu handi bat da, zeinetan landareen eta emakume baten ilustrazioek hartuko duten lila koloreko portadaren erdigunea. Suma daiteke liburuaren edukia, gutxi gorabehera.

Egiturari dagokionez liburua sei kapitulutan banatuta dago. Kapitulu bakoitzak landareen munduarekin hainbat modutan lotura duten gaiak lantzen ditu. Gai bakoitzari sarrera txiki bat egin ostean, aditu diren hiruzpalau emakumeren biografiak kontatuko zaizkio irakurleari. Eta, gainera, zenbait landareren inguruko informazioa tartekatzen du. Hau guztia kolore pastelez egindako ilustrazio eder eta armoniatsuek lagunduta, botanikako irudi horien gustua gogoraraziz.

Honela dio sarrerako lehenengo lerroak: Mundu guztiari gustatzen zaizkio landareak. Ez, ez naiz esajeratzen ari: ezagutzen duzu inor patata frijiturik, txokolatezko izozkirik edo arto- krispetarik jaten ez duenik? Jaten eta egiten ditugun gauza askoren landare jatorria gogorarazten digu; inork landareak gutxiesteko asmoz ireki badu liburua aurreiritziak albo batera uzteko gonbidapen modukoa eginda. Emakumeen eta landareen arteko harreman estua ere gogorarazten digu sarrerak. Landareen zein landareak zaindu, ikasi, marraztu, landatu eta sukaldatu dituztenen garrantzia azpimarratuz.

Lehenengo kapituluan landareekin sendatzen zekiten emakumeez hitz egin digu Aina S. Ericek. Santa bezala ezaguna den Heildergarda Bingengoa aipatzen du kasu honetan. Erlijioarekin soilik lotu nahi izan den figura bat izan den arren, poesia idazten zuen eta musika konposatzen. Pentsalaria eta medikua zen besteak beste. Landareak ilustratu dituzten emakumeen omenez egindakoa da bigarren kapitulua, eta landare bila mundua esploratu dutenen omenez egindakoa hirugarrena. Botanika, ereintza eta janaria eta lurraren haziak dira hurrengo kapituluen edukiak. Miren Agur Meaberen Itzulerak liburuan agertzen den Martija de Jauregi pertsonaia historiko erreala ere izan zitekeen liburu honen parte. Beste asko bezala.

Liburua bitxikeria bat eta altxor bat da. Modu pedagogikoan emakumeoi lapurtu diguten genealogia eta ezagutza berreskuratzeko ahalegin ederra. Gurean ere badago zer berreskuratua. Haurrentzat, gazteentzat eta helduentzat interesgarria.