argia.eus
INPRIMATU
Utopikook
Zigor Etxeburua Urbizu @ZEtxeburua 2024ko martxoaren 28a

Monzonek esana da, "utopikoak egiten diote munduari aurrerarazi". Azken aldian, ordea, euskal politikagintzan boladan jarri da pragmatismo kontzeptua. Gizapediaren arabera, pragmatismoa da gizarteak dituen arazoei irtenbide praktikoak proposatzen dizkien filosofia aktiboa. Horretarako, bitarteko egoki eta erosoenak baliatzen ditu, horietarako oztopo izan daitezkeen aldez aurretiko ideiak eta printzipioak baztertuta, idealismotik ihesi. Joera horri eusten dioten politikariek emaitzei erreparatzen diete, ez hainbeste beren ideologiak agintzen duenari. Hain zuzen, aipatutako azken ezaugarri horrek eraginda edo, ezkerreko joera politikoetan ohikoa izan da bide horrek eztabaidak eragitea.

Definizioari erreparatuta, uste dut begi bistakoa dela agintea eta ardurak dituen politikariaren egitekoa dela gizarteak dituen arazoei irtenbide praktikoak ematea. Beste kontu bat da irtenbide horiek benetan irtenbideak izatea, ezpada enbarazu handiegirik eragingo ez duten ekimen “erosoak” direla. EAEko politikan oso ohikoa izan da egin beharra izan arren, ez egin nahi izatea, eta hori saihesteko, “ametsa doitzea” eta erdipurdiko emaitzak izaten dituzten ekimenak garatzea egiturazko arazo garrantzitsuen aurrean, helburuak erdiesteko epemugarik, ganorazko ebaluaziorik eta parte-hartze eraginkorrik gabe. Hain zuzen ere, eredu hori praktikatu dutenek pragmatismoa aldarrikatu izan dute zuribide gisa, Groucho Marxismoari jarraiki (“…baditut beste printzipio batzuk”); udalbatzan kide izan nuen EAJko zinegotzi batek ere bere pragmatikotasuna aipatu zidan, justu, bere mendeko ataletan, euskarazko arretan eta zerbitzuetan, atzera urrats eta urraketa nabariak gertatzen ari zirelarik.

Argi dago badagokiola idealismoari zehaztea nola lortu nahi dituen aldarrikatzen dituen helburuak. Beti egin behar izaten dira urratsak (praktika) helburu (ideologia) jakin batera iritsi nahian, izan gehiago ala gutxiago, zailagoak edo erosoagoak, baita ustez kolpetik gertatzen diren iraultzetan ere, eraldaketa soziala ez baita goiz bateko kontua. Iparrik gabeko jarduna, ordea, akigarria da, eta eraginkortasun gutxikoa. Nik Galeanoren poesia maite dut: “(Utopia) zerumugan dago. Bi urrats gerturatzen naiz, eta bera bi urrats urruntzen da; hamar urrats egiten ditut, eta ortzimuga hamar urrats harago aldentzen da. Luze ibilita ere, ez naiz iritsiko. Orduan zertarako balio du utopiak? Horretarako, ibiltzeko balio du”.