Venezia, 1459ko apirilaren 24a. Fra Mauro monje eta kartografoak bere munduko mapa amaitu zuen San Michele de Murano monasterioan zeukan kartografia tailerrean. Portugalgo errege Alfontso V.aren enkarguz egin zuen lan hura, eta, mapa amaitu bezain pronto, Portugalera bidali zuten. Munduko mapa original hura galdu egin zen, baina bi kopia iritsi zaizkigu; hain zuzen, kopia bat egiten ari zela hil zen Fra Mauro hurrengo urtean, 1460an. Elizgizona izan arren, eta Veneziatik irten ez zen arren, garaiko maparik zehatzena osatu zuen.
Fra Mauroren munduko mapan hegoaldea goian dago. Mapen orientazioa konbentzio kultural hutsa da, denboraz aldatuz joan dena, eta, garai hartan, eremu kristauan, mapa askok ekialdea zeukaten goiko aldean, han omen zegoelako Edengo lorategia, erreferentzia puntua. Paradisua mapan sartu ohi zuten, gainera. Fra Maurok ere irudikatu zuen Edena, baina mapatik kanpo, beheko ezkerreko ertzean, apaingarri soil gisa ia. Toki hura “giza kokalekuetatik eta ezagutzatik oso urrun” zegoela idatzi zuen ohar batean. Ordurako islamdar munduan hegoaldera orientatutako mapak egiten zituzten, eta monje kristauak ez zuen erreparorik izan beste kultura eta erlijio bateko joera hura txertatzeko. Gainera, Veneziako ontziak hegoalderantz abiatzen ziren; hori zuten jomuga eta erreferentzia.
Fra Maurok, ordurarte mapetan egiten ziren akats asko zuzentzea lortu zuen ezagutza praktikoa gehituta, itsasgizonei galdetuta, alegia
Mapak 3.000tik gora ohar ditu, tokian tokiko ohiturak, berezitasun geografikoak eta egilearen prozesuaren nondik norakoak zehazten dituztenak. Ezer gutxi dakigu Fra Mauroren bizitzaz. Monjea izan baino lehen beharbada bidaiatu egin zuela uste dute adituek, baina garbi dute mapa osatu bitartean ez zela Veneziatik atera. Monasterioan liburu eta mapa bilduma zabala zeukan eskura, hau da, kartografiaz garai horretan zegoen ezagutza teorikoa.
Baina ordurarte mapetan egiten ziren akats asko zuzentzea lortu zuen ezagutza praktikoa gehituta, itsasgizonei galdetuta, alegia. Besteak beste, Niccolo da Conti esploratzaile eta merkataria izan zuen informazio iturri, baina marinel veneziarrek zekitena biltzeaz gain, hainbat itsasgizon musulmani ere galdetu zien, baita Etiopiatik Veneziara joandako ordezkaritza bati ere.
Eta horri esker ondorioztatu zuen Afrika hegoaldean ura zegoela, ez zela infinitura arte luzatzen eta Indiako ozeanoa ez zela barne itsasoa, Ptolomeoren garaitik uste zen bezala. Kontinentea itsasoz inguratu zitekeela, alegia. Asiara iristeko bide alternatiboa izan zitekeen hura eta garai hartan horren behar handia zegoen, lehorreko bidea ia etenda baitzegoen; aurreko mendean Izurri Beltzak triskantza eragin zuen, Txinan mongoliar dinastiak gainbehera egin zuen eta turkiarrek Mediterraneoa blokeatuta zuten.
Une hartan inork ez zuen aprobetxatu Fra Mauroren hipotesia, baina handik hamarkada batzuetara, 1488an, Bartolomeu Dias portugaldarra Esperantza Oneko lurmuturrera iritsi zen, eta sineskeriak baztertu eta ezagutza enpirikoari helduta, fraide hark arrazoi zuela egiaztatu zuen.