Katuzaldia
Ezezez
Autoekoizpena, 2023
----------------------------------------------------
Inoiz ez dut jakin oso ondo zein den “rollo british” musikan, sekula ez naizelako bereziki zalea izan, akaso. Ezezez entzutean, ordea, ez dut dudarik zer esaten duten. Soinuan eta melodian igartzen da, apur bat zikin, apur bat psikodeliko, apur bat retro, apur bat esperimental, apur bat kañero, apur bat jostari…
Hori da Ezezez taldearen Katuzaldia diskoa, gauza askoren apurrekin osatutako pieza freskoa. Lehen entzunaldian dena ematen dizuten kanta batzuk diruditenak, hainbat geruza dituztela erakusten dute, nabari baita ekoizpenari emandako denbora.
Taldean sortzearen aldea da horixe. Unai Madariagak sortu zuen proiektua orain urte batzuk, eta lehen diskoa bakarlari gisa egin zuen arren, taldekideak batu eta sortu da Ezezez, marxistek esango luketen ukapenaren ukapenaren ukapenaren osteko sintesia. Eneko Ajangiz gitarra jotzaileak, Mikel Irigoien baxu jotzaileak eta Alvaro Olaetxea bateria jotzaileak osatu dute laukotea.
Talde izaera horrek jarrera punka ekarri die, eta beste gauza nabarmen bat: ingeles hutsez kantatzetik, euskara hutsean kantatzera, vulkizazio dei dakiokeen prozesuan. Madariagak azaldu duenez, jolasa ekarri dio euskarak, hitzen xarma bilatuz, eta ekarri dio Marmitako eta txipiroi gisako kanta orijinal bat eraikitzea, amonaren omenez.
Surfa ere badu diskoak Dutxita kanta dibertigarriarekin. The Uski's-en kanta mitiko hura gogora etortzea ezinezkoa den arren, honek badu memetik haragoko esentziarik. Kanta dibertigarria da, kontrapuntua, orokorrean frenetikoa den diskoan.
Mutiko I eta Mutiko II kantekin ere, diskoa beste leku batera eraman dute, emozioekin jolastea posible dutela erakutsiz. Iñigo Astizek Sandro Penna poeta italiarrari hartutako poema da kanta, bi zatitan eraikia. Naretasuna lehenik, erritmoa ondoren. Madariagaren ahotsa hor, urrunean disko osoan nola.
Denbora gutxian, proposamen interesgarri ugari ematen ari da Bilbo ingurua. Izan daiteke, besteak beste, espazio eta kolektibo undergroundek ereduak jarri dituztelako, mugimenduak mugimendua dakarrelako beti. Eta Ezezez bultzada bat gehiago izango da, ziur: “Gurea psikologo lana ezta / baia eztau ardura / Problema guztiak geure alboan eskapako jatzuz arineketan / Ezezez beti prest / erdu zatez / ta in salto mesedez!”.