argia.eus
INPRIMATU
Beldurra gogoko
Xabier Etxaniz Erle 2024ko martxoaren 13a

Beldurrak airean
Aitor Arana
Ibaizabal, 2023

--------------------------------------------------

Zazpi ipuinek osatzen dute Aitor Aranak gazteentzako idatzi duen liburu hau. Ugaria eta ezaguna da Aranaren produkzioa; 125 liburutik gora idatzi ditu, horietako zenbait beldurrezkoak dira, eta azken horietakoak dira Beldurrak airean liburua osatzen duten istorioak. Beldurrezko tradizio klasikoen airea duten banpiro, hilezkortasun istorioak, deabru edo pertsonak akabatzen dituzten izpirituen istorioetatik abiatuta sortu ditu Aitor Aranak liburuko kontuak.

Irakurlea, beraz, estilo ugariko istorioen aurrean aurkituko da. Azkar antzean igarriko du zein nobela edo sineskeriatik abiatu den Arana. Abiatu… amaierak irakurlea harritu eta harrapatu nahi baitu kasu guztietan. Horixe baita ipuinon meritua, kontakizun nahiko laburrean irakurlea istorioari lotzea eta irakurtzeari utzi gabe jarraitzea amaieran harritu arte. Edozein kasutan, istorioak askotarikoak izanik ere, guztietan nabaritzen da idazleak duen ofizioa; errazkerietatik ihesi, euskara zaindua eta, aldi berean, irakur arina erabiliz, Aranak lortzen du irakurlea argumentuan, narrazioan eta istorioan harrapatzea, lan horretan zailtasun eta eragozpen handirik aurkitzen ez duelarik.

Beldurrezko istorioak direla esan dugu, eta horretan badute zerikusia argumentuek, gertakariek baita hauen deskribapenek, zenbaitetan zehaztapen nazkagarriekin batera. Banpiro izan nahi eta lurperaturik dagoen narratzailearen kasuan bezala: “Nire erraien suntsipena maila deskribaezinera heldu da. Parenkimak, hau da, gurintxoen ehunkiak txiki-txiki eginda dauzkat: isuri bilakatzen ari zaizkit. Ene gibela dagoeneko gai beltz-berdexka nazkagarria da eta garuna masa gris-berdexka lirdingatsua besterik ez da”.

Asko dira literatura unibertsaleko erreferentziak (Oscar Wilde, E. A. Poe, Defore, Dickens, E. King, P. Straub), baita zinemagintza eta gure kulturari buruzkoak ere, eta horrek guztiak are gehiago aberasten du Aitor Aranaren liburu hau; betiko gaztetasunaren sekretua, mamuak, hilezkortasuna, banpiroak, misterioa… maite dituen irakurlea harrapatuko duen liburua. Eta horiek ezagutzen ez dituenarentzat, generoan barneratzeko guztiz aproposa da.