argia.eus
INPRIMATU
Autoatseginkeriaz
Castillo Suárez @casti_suarez 2024ko martxoaren 13a

Yolanda Castañori Espainiako poesia sari nazionala jaso zuenez geroztik hamaika elkarrizketa egin dizkiote. Horietako baten lerroburua deigarria egin zitzaidan, esaten baitzuen saria irabaztea izan dela egin duen bigarren gauzarik zailena. Eta berehala hasi nintzen beretzat gauzarik zailena izan denaren bila: poesia izatea ogibide, hain zuzen ere. Autoatseginkeria izpirik gutxitan sumatzen zaio Castañori, beti esaten baitu muturreraino saiatu behar dela sortzailea. Ahalik eta poetarik onena izaten saiatu behar dugula, eta ez errepikatu erabilitako formulak, iraganean funtzionatu digutenak barne, horrek sortzaile gisa hiltzen gaituelako. Elkarrizketa Adunan irakurtzen ari naiz, Elkarrek banaketarako duen biltegiaren parean. Eraikinaren ondoan plastikozko karpa bat dago, hori ere liburuz betea. Eta ez zait modu hoberik bururatzen autoatseginkeria ezabatzeko: liburuz betetako industria-habearte handi bat. Badakizulako jakin zure liburua ez dagoela handik ateratzen den kutxetan. Edo beharbada bai.