argia.eus
INPRIMATU
Urrezko arau bat
BeƱat Muguruza Aseginolaza @Benatmug 2024ko martxoaren 06a

Hika edo hitanoari buruz ari garela, edo, hobeto esanda, hitanoa “zuzen” erabiltzeari buruz ari garela, tarteka-marteka pizten denez debate txikiren bat –dela sare sozialetan, dela oraindik bizitza erreala deitzen diogun horretan–, ez ote den komeni hemen ere lerro batzuk idaztea horri buruz. Zein da gakoa? Bada, hitanoaren “sintaxizko urrezko arau bat” litzatekeena, Xabier Alberdi EHUko irakasle eta ikertzaile ohiaren arabera.

Azken ekarpenetako batzuk, Xabier Olarra idazle eta itzultzaile tolosarrarenak, hilabeteotan bi testu jakingarri plazaratu baititu 31 eskutik blogean: Hitanoa galderetan? eta Hitanoa harridurazkoetan?. Artikulugileak horiexek galdetzen zituenez, hemendik ere galdera irakurleari: zer egingo dugu hitanoaren zuzentasunarekin? Mendeko perpausetan ez dela alokutiboa –“hikako forma”, esan dezagun– erabili behar, galderetan ere ez, baldintzetan ezta okurritu ere, harridurazkoetan zalantzak. Esate baterako, esan behar dela “bai, esan zidan/k etorriko dela”, eta ez “bai, esan zidan/k etorriko dunela/dukela”, eta berdin forma horien tokian tokiko aldaerekin. Edo arau hori izan dela, behintzat, tradizioak utzi diguna.

Zer egingo dugu hitanoaren zuzentasunarekin? Mendeko perpausetan ez dela “hikako forma” erabili behar, galderetan ere ez, baldintzetan ezta okurritu ere

Xabier Alberdik duela 30 urte argitaratutako lan mardul batean idatzita utzi zuenez, 45 urtetik beherako gazteen (sic) artean ez ote zioten utzi urrezko araua errespetatzeari. Eta eskola gehienetan ez denez apenas erakusten, eta bestela ere erkin xamar dagoen hizkuntza-tratamendua darabiltenei uneoro zuzentzen ibiltzea –zergatik eta ez dutelako tradizioaren arabera erabiltzen– ez denez bereziki jarrera estetikoa gaur egun, kontuak ezin hobera egin.

Eta betiko galdera, tradizio hauekin zer egin: eutsi ala hautsi. Edonola ere, ba ote dugun indarrik, kasu honetan behintzat, tradizioari eusteko. Hain egoera kaxkarrean dagoen tratamendu informala mantentzearekin nahiko lan ez, eta orain “gazteei” esan behar diegu hori ez dela horrela, eta bestea ez dakit zer, eta entzuteko adineko jendeak nola egiten duen, ez dutela antzekorik entzungo haien ahotik? Beharrezko erresonantzia-kutxa hori edukiko bagenu ere, komeni litzateke horrela erabiltzea?

Edonola ere, begira zer egoera bitxietara eramaten gaituen gai honek. Urrezko arauari estu-estu jarraituz gero, irakurle, behin honaino iritsita, nola dago idatzita testu hau, zuka ala hika?