argia.eus
INPRIMATU
Teknologia
Kontzientzia kolektiboa
Diana Franco Eguren 2024ko martxoaren 05

Ez dut argi kontzientzia kolektiboa zelan ulertu ohi den; zutabe honetan honela ulertzen dut: momentu bat non gizarteko pertsona gehienak errealitate baten gainean ulermen partekatu bat dugun. Adibidez, denok ulertzen dugu zeinen garrantzitsua den etxebizitza bat izateko aukera bizitza duin bat izateko bidean, denok ulertzen dugu elikadura on batek duen garrantzia modu osasuntsuan hazteko bidean…

Bada, uste dut eremu digitalaren negozio ereduen inguruan eta gure bizitzetan izan dezaketen eragin kaltegarriari lotuta ere nolabaiteko kontzientzia kolektiboa hedatzen ari dela. Pertsona gehienek ulertzen dute online egiten duten jardueraren jarraipen etengabekoa egiten zaiela. Ulertzen dute egindako bilaketen harira publizitatea eta gomendio automatizatuak jasoko dituztela, ulertzen dute cookiak onartzerakoan askotan webgune horren “bazkide” ugariekin partekatuko direla bere datuak. Horren aurrean, ordea, zelan jokatu ez dago oso argi. Eduki sortzaileek bizimodua aurrera atera nahi dute eta negozio eredu ezberdinak dituzte horretarako, euren artean zelataritza digitalaren bidea.

Zelataritza digitalerako izeberga den sistemaren puntan daude zenbait sare sozial, eta datuak horiengana doaz, ibaiak itsasora doazen moduan. The Markup webgunean Consumer Reports-ek egindako ikerketa batean oinarrituta (Who shares your information with Facebook, Nork partekatzen du zure informazioa Facebookekin), zenbait datu interesgarri partekatu dituzte, tartean honakoa: 709 boluntariok euren Facebookeko artxiboko azken hiru urteetan ateratako datuen arabera (esteka honetan lortu daiteke), batez beste 2.230 enpresak datuak bidali zizkioten Facebooki

Agian ikerketa oso xumea da, baina interesgarria da ulertzeko sare sozialen negozio ereduen dinamika eta dugun kontzientzia kolektiboaren zentzua. Orain, kontzientzia hori hartuta, pixkanaka bizitza hobea izateko bidean, erabiltzen ditugun tresna digitalen inguruan ere pentsatu beharko dugu.