Altxa, hildakoak!
Fred Vargas
Txalaparta, 2024
------------------------------------------------
Egun batetik bestera, ordu batzuen buruan gertatu da gertatu dena: zuhaitz bat agertu da Sophiaren lorategian. Pago bat.
Hasiera horrek hartzen ditu liburuko lehen orriak. Anekdota original horrek harrapatzen du gure arreta, eta idazleak misterioa ematen dio lehenengo kapituluari. Eta, aldi berean, Sophiaren eta bere senarraren alboko etxean bizitzen jarri diren hiru lagun gazteak aurkeztuko zaizkigu, baita zaharragoa den laugarren bat ere. Misterioa hemen ere. Intriga izango da liburu osoan zehar izango dugun elementu garrantzitsuenetariko bat. Eta nabarmentzekoa da autoreak bi istorioak lotzeko duen abilezia; nobela beltzaren ezaugarri den misterio horrek soilik emango du argia.
Aipatutako hiru pertsonaiak hiru liburuko serie bateko protagonistak dira (Los tres evangelistas edo Hiru ebanjelistak), horien artean hizketagai dugun hau. Hiru pertsonaia horiek gizartearen historiako momentu jakin batean espezializatu dira, eta horrek pertsonaien karakterizazioan eragina izango du. Arrakastarik gabeko pertsonaiak sortu ditu autoreak, frikiak, mediokreak. Eta aldi berean nortasun handikoak. Umorerako eta absurdurako lekua irekiko du horrela, nobelaren tonu misteriotsua eta beltza tonu ironikoarekin tartekatzeko aukera. Eta, gainera, pagoaren agerpena, Sophiaren desagerpena, hilketa bat eta abarrak argitzeko betebeharra izango dute. Beraien arteko elkarrizketak oso ondo idatzita daudela esango nuke; tentsioa mantentzeko prestatuak, arintasuna ere ematen diote testuari.
Estilo aldetik aberatsa iruditu zait. Deskribapenak egiteko gaitasun handia du autoreak. Deskribapenen bitartez eta pertsonaiez aparte, giroak eta momentuak sortzeko abilezia eta horietan irakurlea murgilaraztekoa. Detailez betetako liburua da.
367 orriko obra izanik (nahiko luzea dela esan dezakegu), irakurraldiaren momentu batzuetan nekatu egin nau. Hala ere, kanpo egitura lagungarria eta aproposa da, 34 kapitulu motzetan banatuta baitago. Gainera, kapitulu motz horiek erritmoari laguntzen diotelakoan nago.
Euskal Herrian literatura beltza sustatzeko VI. (H)ilbeltza beka jaso zuen Beñat Irastorzaren itzulpen honek. Oso ezaguna den Fred Vargas autorearen nobela hau da euskaraz irakur dezakegun lehenengoa, eta honekin eman diot hasiera autore honen lanak irakurtzeari. Hamarnaka liburu dauzka, eta ziur naiz ez dela irakurriko dudan bakarra izango.