Asperduraren aurkako gizarte batean bizi gara, diogu, ez digute aspertzen uzten: gonbidapena mugimendua ez denean (bidaiak, bota handik, igo hara, bilatu zerbait begiak itxita eta apatx eginda…), mugimenduak garestitxoak direlako, gailutxoak ditugu, beren argitxo eta zaratatxoekin, garuna, ziur, mugitzen ari balitz bezala sentiarazten dutenak, entretenituta gozokiak harrapatuz, geldi dantzan, geldi parrez, geldi kozinatzen… Eta sorkuntzak, irakurketak… aspertzeko denbora behar du. Ados. Baina bada beste asperdura bat, horren guztiaren azpian hedatzen dena, historikoa, bi baino gehiago garenetik dagoena, unibertsoa bezain infinitua, existentziala, astuna. Asperdura batzuek, telesail batean entzun nuen eran, “zeure burua zauritzeko gogoa” sortzen dute. Ez dakit denoi berdin eragiten digun, ahalegintzen gara ez honi buruz hitz egiten, edo ez oso maiz, ez askorekin, bihozgabe elitista bilakatzen baitzara bigarren esaldirako.
Badu zerikusia edukiak, badu zerikusia eduki horri hedatzeko zenbat denbora oparituko zaion. Esaterako, “zaku berria erosiko diozue umeari, edo zuena eramango du? Agian handiegi, ez? Ito egin daiteke. Decathlonen badira batzuk motzak, baina luza daitezkeenak, agian, lehen urteetarako. Eta udan furgorako ere ondo. Eta motxilak? Ikusi dituzue barruan lau poltsiko eta…”. Horrela, orduak, mandarinak zurituz. Edo “Labana atera zion, gaur egungo gazteak ez dira gure garaikoak bezalakoak. Gure garaian ere bazirela borrokak? Ados, baina ez zen inor hiltzen, ez genuen labanarik eramaten, orain denek daramate zerbait, batez ere, tira, arrazista da esatea baina…”. Edo etxea, edo egunerokoa txukun edukitzeko gomendioak, kaos kontrolaezina garaitu dutela uste dutenak, kaxoi ordenatuen, Excelen eta agenden bidez. Edo: “ez, ez, ez dut ikusi. Nor? Nor? A, eta hori zer, zer, hautagaia, zertarako? A, hauteskundeak, ez, ez, ez diot kasu handirik egiten. Botoa emango dut, eman behar delako, baina denak dira antzekoak, ez digute horiek jaten emango, bata edo bestea jarri gure bizitza ez da asko aldatuko”. Edo guztiz ados egonda ere, egunero indignazio berberaz errepikatzen diren slogan hustuak, edo unean uneko indignazio ikasiak.
Asperduraren aurkako gizarte honetan, agian, pixka bat pentsatu behar da aspertzeko. Eta, horregatik, beharbada, nahiago dugu geure seme-alabak entretenitu. Askoz okerragoa da pentsatzen badute. Askoz okerragoa da asperdura itsasten bazaie. Hortik aurrera, aukera gutxi ergelkeria errepikatuek kohesionatutako jendarteetan: drogak, literatura, ala (asperduraz) hil(ik bizi).