Lehen, anbulatoriotako sarreran edo kontsulten itxarongelan ohikoa zen gizon batzuk ikustea, trajez jantzita eta maletatxoekin. Ez zeuden txanda itxaroten medikuak ikus zitzan. Kontsultak noiz amaituko zain zeuden, berarekin egoteko, haren enpresak merkatura zer botika berri atera zituen erakusteko. Merchandising arrastoa uzten zuten euren atzean: boligrafoak, egutegiak, ohar-blokak.
Egun, ez dut uste komertzialak osasun zentroetara joaten direnik, baina horrek ez du esan nahi farmazia-industria erretiratu denik. Medikuntzako profesionalengana iristeko beste bide batzuk asmatu ditu, sotilak baina eraginkorragoak. Jakina da industria farmazeutikoa biltzar mediko gehienen atzean dagoela. Agerikoa dirudi noraino baldintzatzen duen medikuen jarduera medikamentuak errezetatzean. Gainera, dena delakotik zazpi pilula hartu behar badituzu ere, 40ko kutxa bat erosi beharko duzu, inork ez baitu legerik egin industria behartzeko pilula solteak saltzera. Hori bai botere faktikoa.
Osasunean urrunetik datorrena hezkuntzan orain ari da gertatzen (tira, aspaldiko kontua da ere). Hezkuntza negozio-aukera da enpresa handientzat, saldu beharreko produktu gisa eta eskubiderik gabeko etorkizuneko langileen eskola gisa. Negozio bikoitza. Zerrenda amaiezina da: biltzar, jardunaldi, mintegi eta hitzaldiak, nazioarteko, kulturarteko, diziplina-artekoak, askotariko izenburuekin eta edizio anitzekin. Berezko industria bihurtu da, begira gertu ospatuko diren aurtengo ekitaldi batzuen zerrenda, ez osoa:
Hezkuntza bezeroei (familiei eta ikasleei) saltzeko zerbitzu bihurtzen ari zela zioten, txikitatik kontsumitzailetzat eta marketinaren helburutzat hartzen baitira
Teknologia, hezkuntza eta garapenari buruzko urteroko nazioarteko XVIII. konferentzia; Hezkuntzari eta ikaskuntza-teknologia berriei buruzko urteko XVI. nazioarteko konferentzia; Irakaskuntza-berrikuntzari buruzko XII. jardunaldiak, “Irakaskuntza berritzea hezkuntza-testuinguruetan: metodologiak, ikasteko espazioak eta estiloak”; Hezkuntza-ikerketari buruzko diziplina arteko nazioarteko XII. biltzarra; Teknologiak hobetutako ikaskuntzarako metodologia eta sistema adimendunei buruzko nazioarteko XIV. konferentzia; Sareko hezkuntza, berrikuntza eta irakaskuntzari buruzko X. biltzarra; XVII. nazioarteko biltzarra e-Learning eta pedagogia berritzaileei buruz; Gizarte multimodal baterako hezkuntza-teknologia nazioarteko XXVII. kongresua.
Askok datorren urteko edizioaren aurrerapena dute webgunean, jada. Harritzekoa da hainbeste "espezialisten" ekarpen eta hartu-emanekin ikasgelak dauden bezala egotea. Azken mende erdian kapitalismoak sortutako burbuila handienetako baten aurrean egon gintezke (nor ausartuko da hura zulatzen? EAEko gobernua osatzeko aukerak dituzten hautagaiak ikusita, inork ez du egingo).
Baina kongresuen aurreko edizioetako aktetan murgiltzean, dena ez da hitzontzikeria eta kea, nahiz eta asko hala izan. Stephen J. Ball eta Deborah Youdell hezkuntzako soziologoek "hezkuntza publikoaren ezkutuko pribatizazioa" salatu zuten aspaldi (mundu-kongresu baterako egin zuten Atariko Txostenaren titulua da). Han azaldu zutenez, ezkutuko pribatizazioak eta hezkuntza publikoaren merkantilizazioak ondorio izugarriak ditu, eta eragin zuzena du hezkuntza zer den ulertzeko moduan berean. Hezkuntza bezeroei (familiei eta ikasleei) saltzeko zerbitzu bihurtzen ari zela zioten, txikitatik kontsumitzailetzat eta marketinaren helburutzat hartzen baitira. Eta azpimarratu nahi dut hezkuntza publikoaren estalitako pribatizazio hori hezkuntza-erreformaren, modernizazioaren eta berrikuntzaren hizkuntzaren bidez ezkutatzen dela. Txotxongiloak garela esatea gehiegikeriatzat jotzen baduzu, irakur ezazu Hezkuntza Legea edo aurreko zirriborroak, berdin dio.