Erroma, 1215eko apirila. Laterango IV. Kontzilioan, Eliza Katolikoak apaiz eta monjeei kirurgia egitea debekatu zien, besteak beste. Aurreko kontzilioetan ere, Reimsen eta Toursen, gaia landu zuten, lekaideek soilik arimak salbatzeaz arduratu behar zutela eta gorpuen salbazioa alboratu behar zutela argudiatuta. Eta hurrengo mendean San Joan Laterangoaren basilikan hartu zen behin betiko erabakia, eta araua hausten zutenei eskumikatzeko zigorra ezarri zitzaien.
Antzinako greziarren eta erromatarren medikuntza ezagutzak IV. eta X. mende bitartean galduz joan ziren, eta oraindik gordetzen zirenak monasterioetan zeuden –Umberto Ecoren Arrosaren izena lanean jaso bezala–. Medikuntzaz eta, beraz, kirurgiaz gehien zekitenei jardutea debekatu zietenez, haien erreleboa anatomiaz asko zekien beste gremio batek hartu zuen: harakinek.
Antzinako greziarren eta erromatarren medikuntza ezagutzak IV. eta X. mende bitartean galduz joan ziren, eta oraindik gordetzen zirenak monasterioetan zeuden
Zehazki, Umbria eskualdeko Norcia herriko harakinek haragia mozteko trebezia berezia zuten Erromatar Inperioaren garaitik eta, kontzilioaren ondorioz, bizirik zeuden gizakien haragia mozten ere hasi ziren. Beren jatorria zela eta, norcini esaten zitzaien; gaur egun, italieran norcino hitza harakinaren sinonimoa da oraindik. Tumoreak, herniak eta kataratak sendatzeko kirurjia egiten zuten, eta garai batzuetan eskaera handia izan zuten mutikoak zikiratzen, kantuan karrera egin zezaten, hau da, castrato-ak izan zitezen.
Zirujau eta harakin ibiltariak ziren, binaka ibiltzen ziren batetik bestera, eta maiz Umbriatik kanpo ere jarduten zuten, Italiar penintsula osoan.
Paolo Savoia historialariaren ustez, anatomiaren ezagutza teoriko handia zuten eta, gainera, tresneria zehatza eta ebakuntzak egiteko esperientzia praktikoa. Horregatik, ez zaigu zertan harrigarria iruditu bi jardunak bateratzea: “Guztiz ulergarria da bi lanbideen arteko lotura hain arrakastatsua izatea”. Harrigarriagoa iruditu beharko litzaiguke beste “gremio” bat arimak salbatzeko eta gorputzak zaintzeko jardunak bateratzeko gai ez izatea.