Duela aste batzuk Bartzelonan batu ginen Mugak Zabalduz karabanaren aurtengo ibilbidea eta helburua zehazteko asmoz. Uztailean Trieste eta Balkanetako mugara joango gara, berriro ere (bederatzigarren edizioa da) Europak sustatzen duen migrazio-politikak sufrimendua eta heriotza dakartzala salatzera. Balkanetako muga arriskutsuenetarikoa da, bereziki adin txikiko haur eta gaztetxoentzat, Save the Children bezalako erakundeek salatu dutenez.
Besteak beste, salatuko dugu migrazioaren sistema aldatzeko Europako Parlamentuak eta gobernuek abenduan adostu zuten babes- eta migrazio-itun europarra. Horren bidez, mugetan egun gertatzen diren abusu batzuk legeztatuko dira, horien artean berehalako itzulketak, haurrenak barne. Gainera, estatuek aukeratu ahalko dituzte sartuko diren pertsonen soslaiak, baita “dagokion migratzaileen kopurua” errefusatu eta hirugarren herri bati ordaindu ere, atxiki ditzan, eskubideak bermatzen diren kontrolatu barik.
Akordioa otsailean berretsi, eta ekaineko hauteskundeen aurretik formalki onartuko dute. Ez dakit lotsaren itun horren aplikazioa geldiarazteko indarra izango dugun, baina, Europa gurutzatzen duen olatu arrazistaren aurrean, ahotsa altxatu eta “gure izenean ez” ozen esango dugu.