Ghana, 1823. Ashanti Inperioaren eta britainiarren arteko lehen gerra hasi zen. Guztira lau gerra izan ziren bien artean, eta gatazka 1901 arte luzatu zen. Lehenago, europarrek herrialdeko Urrezko Kosta kontrolatzen zuten. Baina 1807ko esklabotzaren abolizioaren ondorioz, kostaldeko negozioak gainbehera egin zuen eta ashanti etniako kideek barnealdeko erresuma kostalderantz hedatzeko baliatu nahi izan zuten. Azkenean, britainiarrek irabazi zuten gatazka, eta Ghana haien protektoratu izango zen independentzia lortu arte (1957).
Gatazkan zehar, britainiarrek Ashanti Inperioaren arte eta kultur ondarea espoliatzeko aprobetxatu zuten, Afrikako eta oro har Britainiar Inperioko beste toki askotan egin bezala. Orain, ashanti erregearen gortetik lapurtutako 32 pieza itzuliko ditu Ghanara: urrezko hainbat intsignia, eraztun bat, pipa bat, txano zeremonial bat… Horietatik 17 Victoria & Albert Museoarenak dira eta beste 15ak Britainiar Museoarenak. Baina itzulera hori baldintza berezietan egingo da. Batetik, pieza kopurua oso txikia da eta, bestetik, piezak ez dira behin betiko Ghanan geratuko: hiru urteko mailegutzan itzuliko dira, gehienez ere beste hiru urtez luzatu daitekeen kontratuaren bidez. Gainera, piezak ez dira Ghanako Gobernuaren eskutan utziko, gaur egun funtzio zeremonialak besterik betetzen ez dituen Otumfo Osei Tutu II.a ashanti erregearen eskutan baizik.
Itzulera hori baldintza berezietan egingo da. Batetik, pieza kopurua oso txikia da eta, bestetik, piezak ez dira behin betiko Ghanan geratuko: hiru urteko mailegutzan itzuliko dira, gehienez ere beste hiru urtez luzatu daitekeen kontratuaren bidez
Ghanako Kultura ministroaren aholkulari Nana Oforiatta Ayim-ek adierazi du, pieza horiek “nazioaren arimaren parte” direla eta mailegutza “abiapuntu ona” dela. Baina Ghanan bertan eta Afrikako beste hainbat tokitan –esaterako, Beningo Brontzeak itzularazteko hamarkada luzez borrokan ari den Nigerian– denek ez dute iritzi bera, eta askok uste dute mailegutza onartzea pieza horiek Erresuma Batuaren jabetzakoak direla aitortzea dela.
Espoliatutakoa “partekatzea”
Britainiarren adierazpenek afrikar askoren kezka areagotu besterik ez dute egin. Tristam Hunt Victoria & Albert museoko zuzendariak espoliatutako ondarea duten Europako beste museoak lasaitu nahi izan ditu, mailegutza kontratu horrek ondarea jatorrira itzultzeko aterik ez duela zabalduko ziurtatuta. Gainera, itzuliko dituzten pieza bakan horiek kondizio berezietan espoliatu zituztela azaldu du Huntek, gerran arpilatu zituztelako: “Museoek gerran lortutako edo kanpaina militarretan arpilatutako objektuak baldin baditugu, gure erantzukizuna da objektu horiek jatorrizko herrialdeekin modu bidezkoagoan partekatzeko moduez pentsatzea”.
Batetik, partekatzeaz hitz egitean, behin betiko itzulerari ateak ixten dizkio. Bestetik, bere ustez aztertu beharko liratekeen espoliatze kasuak asko mugatzen ditu; espoliatze asko “legezkoak” izan ziren, hau da, garaian garaiko legeak hautsi gabe egin ziren, baina beti herrialde menderatzaile eta menderatuen artean, botere harreman desorekatuan. Finean, kasu “gatazkatsu” gutxi batzuei erantzunda, beste kasu gehienen zilegitasuna indartu nahi dute.
Horrez gain, espoliatutakoa itzultzeko eztabaida auzi mediatiko jakinetan zentratu ohi da, esaterako, Britainiar Museoan dauden Partenoiko marmoletan edo Berlingo Museoan dagoen Nefertitiren bustoan. Hamarkada luzez trabatuta egon diren kasu horiek jatorrizko herrialdeen alde konponduko balira, beharbada beste espoliatze batzuk modu berean konpontzeko bidea zabaldu lukete. Baina bitartean, pieza “izar” horien itzalean geratzen dira, oihartzunik gabe, presioa egiteko modurik gabe.
Eta, hala, Mendebaldeko museoek eskaintzen dizkieten ogi-papurrak onartzea beste erremediorik ez dute, jakin arren horrek espoliatzaileen jabetza indartu eta betikotzen duela.