argia.eus
INPRIMATU
Odol-gaiztoa!
IƱaki Murua 2024ko otsailaren 21

Gure herriko Escuela Nacional-ean historia ikasi genuen, garaileek idatzitako Españako Historia. Geroago jakin genuen hainbat gertaera majo aldatuta zeudela edo kenduta... Esate baterako, Mexikon esan ziguten eskuin eskuko hatz lodia moztu ohi zietela Espainiaren izenean ari zirenek (tartean euskal herritarrak), gezia arkuaren sokan behar bezala finkatzerik izan ez zezaten, baina hatz hori gabe ere lanerako balio zutela geratzen ziren eta jauntxo hiltzaileak garbitzeko aukera gutxiagorekin. Baina hori aitortzea etxekalte aritzea zenez gurea bezalako maisuentzat eta buruzagientzat, historia apaindu edo, hobeto esan, asmatu egin zuten. Nik ez nuen gogoko historia hura.

Arerioa desegin behar da eta Gazako lerroa lerro eten bihurtu badute, guk txintik esaterako, zer ez ote dute egingo? Kontuz! Gerra baitu irtenbide erabiliena indartsuak

Eta bestea, berriz, Historia Sakratua. Gehiago gustatzen zitzaidana, izan ere, gertaera harrigarriak eta mirakuluak aipatzen ziren. Esaterako: Tiberiades Lakuan, Jesukristo ur gainean oinez ibili omen zela. Gu: zer oinetakorekin ibili ote huen? Txaluparik ez ote zegoan ala garestiegi ote huen, galdez... Sodoma eta Gomorrako biztanleak zigortu zituztenekoa ere ezin ahaztu; herritar zintzoak alde egin behar zuten suak beren bizilekuak erretzen zituen bitartean, baina baldintza bitxia jarri zieten, ezin zuten atzera begiratu inolaz ere. Emakume bi, jakin-minak eraginda edo Jainkoaren esana ez betetzeagatik, atzera begiratu zutenez, gatzarrizko irudi bihurtuta geratu ziren. Noeren Arka ere ez zen txantxetakoa: abere, pertsona, landare... eta traste pila kabitzen zena barru hartan, Gabiriako eliza adinakoa, gutxienez! Jainkoak hautatutako herria Israel zela ere ikasi genuen eta itsasoa bitan banatu zuen Jainkoak bere kuttunak pasa zitezen, eta arerioak bide beretik abiatzean, urak irentsi zituen betiko. Han aritzen ginen eztabaidan: hori egiteko gai denak bazekik aurrez zer gertatuko den eta ezin al zian saihestu hondamendi hori? Bai, baina ikasteko horixe egin behar, ordea, eskarmentua eman eta kito! Dena hartzen genuen benetan; guretzat ez zegoen metaforarik. Guk metafuera esaten genuen eta kontraesana zen hori!

Eta israeldarrak (Jainkoak aukeratutako herritarrak) egiten ari direna edo hedabideei jarraituz dakiguna, palestinarrak desegin arteko gerra! Berdin da jomuga haurtzaindegia, eskola edo ospitale bat den. Arerioa desegin behar da eta Gazako lerroa lerro eten bihurtu badute, guk txintik esaterako, zer ez ote dute egingo? Bistan da, ekonomia gaizki? Kontuz! Gerra baitu irtenbide erabiliena (erosoena? bakarra?) indartsuak. Errugabeak erailaz...

Indartsuak nahi duena egiten du,  ideia antzuz betetako buru hutsen mundu hits honetan!