Gertatzen ari da lanaren gaiarekin zerbait, aldaketa bat, politikoa eta soziala, eta nekez gustukoa izan litekeena.
Lana aipatzean, maiz etortzen zait gogora Urepele aldera joatean, bihurgune batean, luzaz ageri izan den idazkia, eta agian han dirauena, baina nolaz aspaldian ez naizen joan ez nezake erran xuxen. Euskal Herrian zehar, paretak ez dira luzaz birjinalak egoten, alta, bazen han idazki partikular bat. Deusen erdian, bide bazterrean den ttattola zurpailaren alde batean, noizbait esku batek idatzi zuen: LANA. Letra larri, maiuskula eta beltzetan, besterik gabe. Etsipenez idatzi lau letra ziren, beren gordintasun guztian. Oihu biluzia. Lana: ogibide bat, denentzat eta bakoitzarentzat, bizitzeko doia eman lezakeena, gazteak hor berean atxikiko lituzkeena, geroari pentsatzen utz gaitzakeena. Lanik ez zen garaian idatzia izan zen eta, dudarik gabe, langile batek idatzia.
Lana gure aitama eta arbaso anitzen balio zentrala izan zen, eta anitzetan zaurgarria, belaunaldi gazteak etxetik haizatu eta munduaren beste puntaraino eraman izan zituena, nehork nahi ez zituen lan miserableak egitera, ezinbertzez, eta gogo eta gorputzak behar baino gehiago higatu zituena, hemen berean aritu zirenen kasuan ere.
Oraingoan lana ez da bakarrik lanik ez duten pobreen obsesioa.
Izan ere, Macronen ekipoaren obsesioa da, burgesena; hain gutxi lan egin duen Manu konbentzitua baita langabetuen tasa zor zaiela lanera joateko gogorik ez duten alferrei: bere iduriko, lana badelarik karrikaren bestaldean itzulipurdika, oro gara bizi irus eta lanari mus eginez, alokazioen beha ahoa zabalik, ez baitugu amesten berearen gisako costard bat.
Ez dakit zer pentsatuko zuketen gure aitzinekoek, gaurko goi mailako klaseek duten lanaren obsesioaz eta langile gisa ditugun aldarrikapenez
Urtarrilaz geroztik, Pôle Emploi (Enplegu Zentroa) deitzen zen langabetuen bulegoak izen berria du: France Travail (Frantzia Lana). Gogogabetzen nauten bi balio uztartzen ditu orain. Eta izen aldaketak izaera berria ere dakar berekin: kotizazio denbora luzatzen eta alokazio eskubideak mendratzen ditu. Lanera denak! Frantziaren berrarmatze ideiari lotua da hertsiki: orain ahal bezainbat haur egin eta egunak lanean pasa beharko genituzke. Berpiztu da irri tarte gutxi uzten zuen Pétain-en ideala: patria, lana, familia.
Urruna zitzaidan kontua, anakronikoa. Horra non iragan hilabeteaz geroztik hurbilago sumatzen dudan. Izan ere, Euskal Hirigune Elkargoak igandeko lanari buruz eztabaidatu zuen eta erabakia hartu saltegiak irekitzeko hamabi igandez urtean. Proposamenak onartezina bazirudien ere, onartu zen. Noski, baldintza batzuekin, hala nola baimen bidez gauzatzea, ez herri guztietan eta abar. Alta, aukera gertatuz gero, pixkanaka, erabakiak bere bidea eginen du. Eta horrela, gurearen gisa definitzen dugun instituzioak deliberatu du hertsapen ekonomikoak derrigorturik beharrean den langileak larunbat-igandeak lanean iragan litzakeela, bazterrean utzirik familia eta lagunak, baita osasun, ongizate eta sozializazio grinak oro, beste zenbaitek erosteko souvenir polit bat, pizza izoztu bat eta Coca-cola botila bat, denak ere prezio ikaragarrietan.
Ez dakit zer pentsatuko zuketen gure aitzinekoek, ez eta LANA pintatu zuen eskuaren jabeak horretaz, gaurko goi mailako klaseek duten lanaren obsesioaz eta langile gisa ditugun aldarrikapenez lan denboraren murrizketari, lau eguneko asteari eta lan sariei buruz. Distantzia handia da aldarrikapenen eta erabakien artean, distantzia handiagoa lanean baizik nahi ez gaituztenen eta lanetik gogotik ihes eginen genukeenen artean.