argia.eus
INPRIMATU
Zigorraren kultura eta pedagogia feministak
Hiruki Larroxa @Hiruki_Larroxa 2024ko otsailaren 14a

Gaur egungo hezkuntza-sisteman, eskola-paradigma birplanteatu behar dugu. Zigor-neurrietan oinarritutako ikuspegi tradizionala baztertu, eta denbora luzean ikasleen ordena eta diziplina mantentzeko tresna gisa erabilitako praktika batzuen eraginkortasuna eta etika zalantzan jarri: zigorra, kanporatzea edo espedientea irekitzea. Eta zintzoki esanda, horretarako baditugu polizia-etxeak, epaitegiak eta kartzelak; klasistak, matxistak eta arrazistak, bide batez esanda.

Egia da irakasleek egunero askotariko erronkak izaten dituztela, baina ikasgeletan zigor-neurri gehiegi txertatzeak ere eragiten die. Zigorrak etengabe aplikatzeak estresa, akidura emozionala eta higadura profesionala eragiten die, eta horietako asko harrapatuta sentitzen dira baliabideak murrizten dituen eta diziplina ikasleen eta irakasleen ongizate integralaren gainetik jartzen duen hezkuntza-sisteman.

Baina zigorra ez da beti konponbide eraginkorrena edo etikoena (eta are gutxiago pedagogikoena) portaera-aferei aurre egiteko eta giro positiboa eta erresilientea sustatzeko. Izan ere, hezkuntza-eremuetan zigor-neurri gehiegi erabiltzeak ikasleen artean erresumina eta alienazioa eragiteaz gain, euren ongizate emozionalean eta garapen akademikoan ere eragin negatiboak izan ditzake.

Zigorra ezarri beharrean, ikasleei tresnak eman eta bide-laguntzea da kontua, beren ekintzengatik erantzukizuna har dezaten

Eta jakin badakigu askotan portaera disruptiboak azpiko premien adierazpenak direla: egiturazko desberdintasunak, familia-arazoak, berdinen taldean sartu nahi izatea genero-aginduetan oinarritutako portaeren bidez, ikasteko zailtasunak edo osasun mental eta afektiboa lortzeko trabak...

Gainera, zigor-neurriak bidegabeak eta diskriminatzaileak izaten dira. Eta sarritan, talde demografiko batzuetako ikasleak, hala nola arrazializatuak edo ezgaitasunak dituztenak, neurriz kanpo diziplinatzen ditugu beren parekoekin alderatuta. Horrek gizartean dauden egiturazko desberdintasunak islatzen eta indartzen ditu, eta ikasle horiei hezkuntza ekitatiboa izateko eskubidea ukatzen die.

Hortik, pedagogia feminista eta intersekzionalen premia, prebentzioa erreminta gisa gatazkak erdigunean jarri eta horiek konpontzea helburu dutenak; desberdintasun- eta bazterketa-zikloak betikotzen dituzten elementuak zalantzan jarrita. Baita ikasleen homogeneotasunean eta horien arteko lehiakortasunean oinarritutako eskola-egitura arautzaile eta diziplinatzaileak ere.

Zigorra ezarri beharrean, ikasleei tresnak eman eta bide-laguntzea da kontua, beren ekintzengatik erantzukizuna har dezaten eta gatazkak komunitate-logikatik konpon ditzaten (edo ez).