argia.eus
INPRIMATU
Materialismo histerikoa
Daiteke
Uxue Apaolaza Larrea 2024ko otsailaren 14a

Gertatzen diren gauzak gerta daitezkeenak dira. Horrela esanda ergelkeria bat dirudi, baina, orduan, hori baldin badakigu, ergelak guk ematen dugu, ez? Alegia, gauza batzuek hain dirudite aurresangarriak gertatu ondoren (eta aurretik: Banku Zentralak tipoak igoko dituela noizbait, adibidez). Hala ere, denok gara errugabeak gertatu arte, eta, gero, tira, gertatutakoan erraza da ondorioak ateratzea, baina, esaten dugu, lehenago ezin zen jakin, lehenago, beti gerta baitzitekeen beste zerbait. Adibidez, eduki dezakezu gizonez betetako elkarte batean emakumezko garbitzaile arrazializatu bat gaueko ordu txikitan lanean, inolako protokolo edo babesik gabe, eta pentsatu garbitzaileak ez duela erasorik jasango, eta bat salatu arte itxoin, ziur asko, azken hori ez baita inoiz gertatuko, izan ere, gerta daitezkeen gauzak baino ez dira gertatzen.  Beraz, ez zuen zertan gertatu.

Eta behin gertatzen direnean, adibidez, genozidio bat, harritu egiten gara zein heinetan geunden prestatuta bat jasateko. Pantailan. “Nola da posible?”. Zergatik ez? Ez da bakarrik posible, da eztabaidagai, da ikuspuntuaren arabera, da, are, dantza egiteko modukoa, musika jaialdietan...

Gertatzen diren gauzak ez baitira soilik gerta daitezkeenak, baitira gerta daitezen uzten ditugunak, beldurra besteen hezurretatik geureetara igaro ez dadin. Beldurra ez da txarra berez. Beldurra oso txarra da botereak kudeatzen digunean. Beldurra atzeratzen edo aurreratzen digute nahi duten moduan. Beldurra paranoikoa izan daiteke, baina badakizue, paranoiko izateak ez du esan nahi arrazoi ez duzunik. Ia beti.