argia.eus
INPRIMATU
Eskuinaren berrindartzea Latinoamerikan
Asier Blas Mendoza @AxiBM 2024ko otsailaren 14a

Ezkerraren krisiak Latinoamerikara salto egin du. Orain gutxira arte eskualdeko mapa ia guztian gobernu aurrerakoiak topatu zitezkeen. Baina gauzak aldatzen ari dira azken hilabeteetan. Hiru hauteskunde presidentzialistek inflexio puntua markatu dute: Daniel Noboak Ekuadorren irabazi zuen, Javier Mileik Argentinan eta Nayib Bukelek ia botere osoa lortu du El Salvadorren.

Latinoamerikako bigarren olatu arrosa amaitzen ari da. Kubak, Nikaraguak eta Venezuelak AEBen eraso ekonomikoen erdian jarraitzen dute. Bolivian ezker subiranista gerra zibilean barneratuta dago eta Brasilek, Mileiren garaipenaren ostean, Hego Amerikarentzat zituen integrazio proiektuak oztopatuta ditu.

Aurrerakoientzako etorkizun oparoa Mexikon baizik ez da argi ikusten. Andrés Manuel López Obradorren gobernu arrakastatsuaren ondoren, badirudi ekaineko hauteskundeetan Claudia Sheinbaum Morenako hautagaia Mexikoko presidente izango dela. Peru, ordea, autoritarismoan hondoratuta dago Pedro Castilloren aurkako estatu-kolpearen ondoren. Guatemalan estatuko botere faktikoek hamaika ahalegin egin zituzten Bernardo Arévalo aurrerakoiak presidente kargua ez hartzeko. Azkenean ez zuten lortu; halere, gobernu berria abisatuta dago eta, seguruenik, erreformak martxan jartzerakoan kontu handiz ibiliko da bere gain dagoen mehatxua jakinda.

Latinoamerikako bigarren olatu arrosa amaitzen ari da. Kubak, Nikaraguak eta Venezuelak AEBen eraso ekonomikoen erdian jarraitzen dute

Kolonbian, arrakastaren eta porrotaren artean, Gustavo Petroren gobernua dago. Arazoak eta jazarpen mediatikoa tarteko, presidenteak duintasunez agenda subiranista eta ezkertiarra bultzatzen jarraitu du. Halere, gobernuaren etorkizuna ez dago garbi, horregatik, eraldaketa sustatzen duten indarren artean lehentasuna izan beharko da ezkerreko alderdi sendo eta kohesionatu bat eraikitzea, gobernuan jarraitzeko edo oposizioa egiteko.

Olatu arrosaren porroten artean sonatuenetakoa Txilekoa izan da. Oraindik gobernu ezkertiarra jardunean dago, baina jakina da zaborraren minutuak jolasten ari dela hurrengo hauteskundeetan kanporatua izan arte. Bidean prozesu konstituziogileak porrot egin du eta Gabriel Boricek men egin du sektore moderatuen alde. Egia da botere legegilean eta komunikabideetan kontrako indar-korrelazioa zuela, baina ez Petrok duena baino okerragoa, eta bien arteko alderaketan Txilekoa gobernu beldurtia eta AEBekin lerrokatua suertatu da. Portaera horren arriskua jakina da: aurrerakoiak gobernuan mantentzeko moderatzen saiatzen direnean, eskuin muturrari ateak ireki ohi dizkiote. Bestela, Argentinan peronismoari gertatutakoa begiratzea besterik ez du Boricek.

Ezkerra demokrazia liberalaren interpretazio neoliberalak markatzen duen egokitasun politikoan harrapatuta dagoen bitartean, Latinoamerikan gero eta gazte gehiagok, eta ez hain gazteek, ezkerra aukera sistemiko gisa ikusten dute eta eskuina sistemaren aurkako hautu apurtzaile bezala.

Akaso, Mileiren alde bozkatu zuten gehienek etsipen desesperatutik egin zuten, baina baita Mendebaldean nagusitzen ari den gizartearen ikuspegi indibidualistatik ere: nire egoera pertsonala hobetzea nahi dut eta horretarako prest nago beste pertsona batzuk bidegabeki kaltetuak izateko. Nayib Bukelek hori lortu du, El Salvadorreko herritar gehienek beraien bizitzan segurtasun hobekuntza handia izan dute gobernuari esker, nahiz eta hori giza eskubideen urraketekin eta botere abusuarekin lortu. Baina kaltetuak izan ez direnen artean gehiengoa oso pozik dago, horregatik, Bukelek %85eko babesa jaso du. Izan ere, agintarien legitimitatea ez da prozedurengatik lortzen, baizik eta emaitzengatik.