argia.eus
INPRIMATU
Meritokraziaz
Iker Iraola Arretxe @iraola_ 2024ko otsailaren 07a

Gizarte zientzietan, eta soziologian bereziki, errepikatzen den gaia da meritokrazia. Modu sinplean-edo azalduta, kontzeptu horrek adierazten du norberaren kokapen soziala bere merituen edo esfortzuaren araberakoa dela. Hau da, gizarteko botere posizioak pertsonen eginahalen ondorio direla. Ideia horrekin, baina, ez gara deskribapenera mugatzen; izan ere, jendarteko antolaketa meritokratikoa balitz, justua ere izango litzateke aldi berean, kokapen boteretsuenetan leudekeenak horretarako ahalegina egin dutenak izango liratekeelako. Sinesmen edo ideologia kontua da, beraz.

Gizartea meritokratikoa dela sinisten al du baten batek? Inguruari begiratzea nahikoa ez bada, gaiari buruzko lan gehienek argi adierazten dute jendeak ez duela uste gizarteak meritokratikoak direnik, haien eguneroko esperientziek aurkakoa frogatzen baitute: aginte postuetan egoteko bideek, eta bidezidorrek, esfortzuarekin hartu-eman txikia izaten dute ia beti. Esan gabe doa azterketa  akademikoetan ere bazterreko ikuspegiak direla, probokazio ideologiko gisa, gehienetan. Kontzeptuak, hala ere, garrantzitsua izaten jarraitzen du zientzia sozialetan, esan dugu, gizarteari bere osotasunean aplikatuta ez bada, eremu zehatzagoei lotuta, hezkuntzari bereziki.

Hezkuntzaren soziologian asko hitz egiten da meritokraziaren auziari buruz. Paradoxikoki, gizartea bere osotasunean hartuta gertatzen denaren kontra, hezkuntza sistema modu nahiko naturalean eta akritikoan esfortzuarekin eta merituarekin lotzen da, oro har. Zer da ba nire ibilbide akademikoa, nire esfortzuaren edo alferkeriaren ondorio ez bada? Noski, eskolan pertsona batek izan dezakeen prozesuan ahalegin indibiduala aldagai garrantzitsua da, baina beste hainbat indarrek eta faktorek ere eragiten dute aldi berean, askotan modu ezkutuan bada ere. Beste modu batera esanda, gizarteari buruz aritzerakoan modu argiagoan ikusten dugun bezala, hezkuntzan ere denek ez dute ahalegin bera egin behar emaitza antzekoak erdiesteko.

Jendeak ez du uste gizarteak meritokratikoak direnik: aginte postuetan egoteko bideek esfortzuarekin hartu-eman txikia izaten dute ia beti

Hezkuntzaren soziologian eta beste hainbat diziplinatan meritokraziaren eta eskolaren arteko hartu-emana ikertu duten ehunka, milaka, lanen artean, Paul Willis zientzialari sozialarena aipatuko dut, zeinak Learning to Labour: How Working Class Kids Get Working Class Jobs (Lan egiten ikastea: langile klaseko haurrek nola lortzen dituzten langile klaseko lanak) izeneko lan etnografikoan, izenburuan bertan agertzen den afera aztertu baitzuen 1970eko hamarkadan, Erresuma Batuko klase apaleko mutilen eskola batean. Eskolan ere gertatzen den desberdinkeria sozioekonomikoaren erreprodukzioa azpimarratu zuen egileak, beste hainbat konturekin batera. Ikasleak, euren merituen arabera jakintzari buruzko joko garbi batean parte hartzen baino gehiago, etorkizunean beteko zuten posizio soziala bere egiten ari ziren, egilearen azterketa luzearen arabera.

Egia esanda, hezkuntzaren soziologian desberdinkeriaren erreprodukzioaren ideia errepikatzearen zaleak gara, beharbada bestela gutxitan aipatzen dela iruditzen zaigulako. Eta hala izanik ere, egia da, halaber, hezkuntza sistema berdintasunerako tresna garrantzitsua ere badela. Bi ezaugarriak, erreprodukzioa eta eraldaketa, ditu bere baitan aldi berean eskolak. Baina gaurkoan meritokraziaz ari ginenez, azpimarratzekoa da hezkuntza sistema ideologia meritokratikoaren gotorleku ere bilakatu dela azken aldian, eta ikuspegi hori justua izatetik urrun dagoela.