Betazalak
Xabi San Sebastian
Belarri, 2023
-----------------------------------------------------
Beti pentsatu izan dut Donostiako musikari eta sortzaile honek ez duela inoiz erdietsi merezi duen lekua edo arreta. Baina, hala ez bada ere, bere kantuak geldituko zaizkigu, hor daude-eta. Izan ere, badu zerbait berezia, edo gauza bat baino gehiago, nabarmentzen duena; eta horrekin batera, beti-beti aurrera egiteko daukan adorea.
Aspaldi liluratu ninduen Atzo naiz kantu borobil-borobilak, eta pieza horri esker ezagutu nuen. Gerora jakin nuen bakarka aritu aurretik bizkarrean ibilbidea zuela Izotz plaza taldearekin, Alboka proiektuarekin eta bai folk esparruko beste hainbat ekimenetan ere.
Izan ere, ahots eder eta bereizgarria izateaz gain, badu gaitasuna melodia landuak idazteko, sartu eta gelditzen direnak. Eta, ikasitakoari eta bizi izandakoari esker, baditu alde asko: Xabi rockeroa, euskal folka maite duen Xabi, Xabi ilunagoa, baita eragin horiek guztiek bere egiteko eta kantuak jantzi dotoreenekin atontzeko abilezia ere. Bere kontra (ez nire iritziz) argudiatu daiteke musika ezlekuren batean kokatu ahal dela.
Bestalde, beti-beti jakin du musikari apartekoekin elkartzen, eta honako lanean ere ez du kontrakorik egin: Karlos Aranzegi, Nando Neira, Quico Pugés, Arkaitz Miner… A ze tenpo eta janzkerak ematen dizkieten kantuei!
Bere bakarkako bosgarren lan luzea da hau eta hamar kantuetan barrena bada (gustura) bidaiatzerik: Inork ez-ek dotore zabaltzen du lana. Entzun-ek melodia ederra eta San Sebastianen marka du, Irlandako folk zipriztinekin. Konpai-en ia buruz egiten du jauzi Dubliners eta McGowan-en kupelera. Lorratzak harean folk jantzidun popa da, handitzen doana. Andresi-n Zimmerman jantzita dator Xabi. Lerro etenak lauso eta goxo baina sarkorra da, hit!-etako bat. Gure begien distira-k 1970eko euskal kantagileen artea dauka. Ardi gosetuak da ardi beltza eta kiribildua: gitarreroagoa, gordinagoa eta amerikarra bada ere, ezohikoa, handia!. Gure zeruak edo non-dago-Lete?. Bukatzeko, Jantzi gaur biharko argiz amerikar kutsua duen ostiral gaueko gozamenerako pop-rocka da.