argia.eus
INPRIMATU
Ez duzue lotsarik
Ainhoa Etxaide Amorrortu 2024ko otsailaren 08a

Enplegu duina ziurtatu berdintasun baldintzetan, jarduera ekonomiko lehiakor, jasangarri eta arduratsua bultzatuta”. Ez da txikia Eusko Jaurlaritzak PSE-EEren ekimenez Enplegurako Itun Sozialari jarritako helburua. Eta ez dira gutxi itunarekin bat egin dutenak: enpresariak, EAEko hiru unibertsitateak, merkataritza ganberak eta gutxiengo sindikala, besteak beste.

97 eragile, prekarietate hitza aipatzen ez duen eta lan merkatuari begira neurri zehatz bat bera ere jasotzen ez duen adostasun zabal bezain hutsalaren bueltan

Enplegu duina ziurtatzeko bost ardatz, hamar konpromiso eta amaierarik ez duen kontzeptu zerrenda aurkitu daiteke: kalitatezko enplegua, enplegu erresilientea, enplegurako politika aktiboetarako eskubide subjektiboa, aukera berdintasuna... Zailtasun bereziak dituzten kolektiboentzat berdintasuna ziurtatuko dien arreta eta zerbitzua ere aipatzen da itunean. Baita berrikuntza ere. Eta geroz eta gehiago aldatzen den lan merkatuan, erantzun azkarrak eta arinak eman behar izatea. Lurraldeen arteko orekaz ere ari da, enplegurako aukerak eskualde edo herri guztietara iritsi daitezen. Adostasunak, elkarlana eta gobernantza irekia. Eta batez ere: sustatu, bultzatu, lagundu, eragin, bideratu, iradoki. Bide oso baten emaitza. Elkarrizketa Sozialerako mahaiaren lorpen berri bat. 2023an onartu zen Enpleguaren Euskal Legearen ondorioa. Arnas luzeko Enplegurako Euskal Estrategia 2030 planaren baitan kokatzen dira guztiak.

97 eragile, prekarietate hitza aipatzen ez duen eta lan merkatuari begira neurri zehatz bat bera ere jasotzen ez duen adostasun zabal bezain hutsalaren bueltan. Sailburuak azpimarratu duenez, sekulan egin ez diren gauzak egin direlako lortu den ituna da honakoa. Auskalo zer den ezer ez egiten jarraitzeko egin behar izan duten gauza berri hori. Auzo lotsa.