ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano
Susa, 2023
------------------------------------------------------------
Aldran ibiltzen dira otsoak eta ulua dute, tartean, taldea deitzeko manera. Harkaitz Canok (Lasarte-Oria, 1975) berriki argitaratu duen ulu egiteko bolondres bila (Susa, 2023) ere ulu da bere horretan, irakurlea eta lerrook biltzen dituzten nolabaiteko gu guztiak deitzen dituena, eta inor gutxi utziko duena bere horretan epel.
“Eskerrak / inork / ez dien / poetei / kasurik / egiten”. Liburuaren kontrazala asmo-adierazpen argia da, egotzi dakizkiokeen ardurez nolabait libratzeko neurria edo hartutako lizentzien aitortza. Pozaren erdia (Susa, 2022) soneto bilduma argitaratu eta urtebetera, orduan idazketari ezarritako forma eta neurriei itzuri egin eta, Canok berak aitortu legez, poesiaren mugak arakatu ditu poesia zer den auzitan jartzeko edo, bederen, galdegiteko. Zerrenda eta errepikak, berariazko akatsak, behetik gorako olerkiak, hitzik erabili gabe ondutakoak, baztertutako asmoak betetzen dituztenak, hutsunedunak eta enter botoiari sakatu gabe idatzitakoak kausi genitzake bertan, besteak beste.
Lau ataletan banatuta daude liburua osatzen duten 43 poemak. Erretratuak dira National Portrait Gallery atalean nagusi, plano ugaritara egokitutakoak. Jendartea eta egungo bizimodua aztertzeko balio dutenez gain, deigarri dira idazletza eta egiletza hizpide dituztenak: umorea eta ironia kutsu zorrotza hausnarketarako gonbita dira. Otoitzen Liburua atalean atentzioa ematen du, aipatu aniztasun formalari jarraiki, testu batzuen eta bestetzuen arteko elkarrizketak: nabarmentzekoak dira gurean ereserki bilakaturiko txoria hizpide dutenak. Izenburuak berak iragarri legez, Zerrenden Liburua atalak zerrendak dakartza oro har, Ecori keinuka dioskun legez “gure ustezko zentzuak ontzat / ematen duen oro / kinkan / jartzeko gosez” ondutakoak. Azkenik, Klarion Laborategia (1) poema luze bakarrak osatzen duen atala da, zeinak hainbat autoreren esanak eta “bigarren eskuko hausnarketak” bilbatuz lehen mailakoak ere badakarzkigun.
Enbido dira orriok norbaitek eduki zain: erronka edo proposamen; ulua, finean, uluaren zain. Aski ezagun dugu metaliteratura, baina poesiaz hausnartzeko poesia egitea baino modu hoberik ba ote?