argia.eus
INPRIMATU
Tefia, homosexualak zigortzeko eremua
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2024ko urtarrilaren 31

Fuerteventura (Kanariar Uharteak), 1954ko otsailaren 11. Tefiako Nekazaritza Kolonia abian jarri zuten uharteko aireportu abandonatuan, basamortuaren erdian. Nekazaritza kolonia eufemismoaren atzean, praktikan, kontzentrazio eremua izan zen Tefia, nagusiki LGBTI komunitateko kideak errepresaliatzeagatik ezaguna egin zena. Baina duela 60 urte gunea ireki zutenean, han ez zegoen preso homosexualik, edo ez behintzat arrazoi horregatik kondenatutakorik.

Tefiako gunea Alfer eta Gaizkileen Legea hausteagatik kondenatutakoak “zuzentzeko” erabili zuten hasieratik. Legea 1933koa zen, II. Errepublika garaikoa, eta ez zuen homosexualitatea delitutzat jotzen. Baina Tefiako eremuak ateak ireki eta hilabete gutxira, 1954ko uztailean, gobernu frankistak legea aldatzea erabaki zuen, delitugileen zerrendari “homosexualak” erantsita.

Dokumentazio eta datu zehatz gutxi daude Tefiaren inguruan. Hamabi urtez egon zen martxan eta 1966an itxi zuten preso faltagatik. Guztira 250-300 preso inguru egon omen ziren bertan eta, horietatik, 80-100 inguru homosexualitatea leporatuta eraman omen zituzten; 18-23 urte bitarteko gazteak ziren, denak gizonezkoak.

Gasteizko karmeldar ohi bat izan omen zen lehen urteetako zuzendaria, Prudencio de la Fuente edo Prudencio de la Casa izenekoa –litekeena da izen bereko bi kargu egotea–

Gasteizko karmeldar ohi bat izan omen zen lehen urteetako zuzendaria, Prudencio de la Fuente edo Prudencio de la Casa izenekoa –litekeena da izen bereko bi kargu egotea–.

Baina Tefian espetxeratutako presoen lekukotzari esker dakigu gehienbat han gertatutakoaren berri. Nagusiki, Juan Curbelok eta Octavio Garciak hitz egin zuten han bizitakoari buruz, biak homosexualitateagatik kondenatuak. Nekazaritza Kolonia horretan ezer gutxi ikasi zuten nekazaritzaz; ordu luzez harria pikatzera behartzen zituzten, jipoiak eman zizkieten noiznahi, elikadura oso eskasa zen eta, muturreko gosea arintzeko, janariaren truke, funtzionarioekin prostituitzera iritsi ziren.

Urtebete eta hiru urte bitarteko zigorrak bete behar izan zituzten, baina zigorra ez zen hor amaitzen: espetxetik irtenda, beste urtebetez debekatuta zeukaten herrira itzultzea eta, ondoren, bost urtez, hilabetero joan behar zuten komisaldegira kontrol agiriak sinatzera.

Eta Tefiako kontzentrazio eremua 1966an itxi zuten arren, homosexualitatea ez zuten berehala despenalizatuko. Alfer eta Gaizkileen Legea bertan behera geratu zen 1970ean, baina haren ordez Arrisku eta Gizarte Errehabilitazio Legea ezarri zuten, homosexualitatea zigortzen jarraitzen zuena. Azkenean, Franco hil eta 4 urtera, 1979an homosexualitateak delitu izateari utzi zion Espainiako Estatuan.