argia.eus
INPRIMATU
Materialismo histerikoa
Oihu
Uxue Apaolaza Larrea 2024ko urtarrilaren 31

Eta zortea baduzu, uneren batean, gelditu, eta gai zara zeure buruaz ez fidatzeko. Zu eta zeure burua, aurrez aurre; zertan ibili zara, ez al zara arauez gogoratzen, zer dagoen ondo, eta zer ez, zer geruza ari da hain inozo, hain erasokor, hain ezer ikasi ez bazenu bezala. Eta dena kontatu behar diozu berriro zeure buruari, bakoitza bere aldetik ibili zaretenean egin duena, eta narrazioa izango da bakoitza garenaren araberakoa, eromena ere ez baita bera neure buruan, edo zeurean. Neure eroak isilean behar luketen beldurrak oihukatzen ditu. Oihuka eskatzen du maite dezaten. Horregatik kasu egiten diet baxuago hitz egin behar nukeela esaten didatenei (benetan oihuka ari banintzen; ero isilek ezin dituzte oihulariak jasan, eta prebentiboki errieta egiten diete). Oihuek, baina, beldurrek, ordea, ez dute maitasunik sortzen gehienetan, oihartzunak eta ihesak baizik.

Oihuka jartzen zizkiguten Europako lurra zapaltzen zuten migranteak, basati; eta halaxe erakutsi zizkiguten, oihuka eta basati, zulatzen ari zena beren azala zenean ere, hesian hilik ere oihuka, baita tiro artean itotzen ere. Palestinarrek oihu egiten dute, itsusi, eta isildu ez den emakumeak, edo, hil dutenean, haren familiak, matxinatu diren presoek, ijitoek, lumadunek, Hugok eta Cristinak, oihu egiten da manifestazioetan, oihu egiten du jaioberriak. Eta ez dute egiten Europak, Israelek, zuriek, burokraziak, kartzeleroak, helduek, normalek.

Manerak dira bakeari eusteko lehen frontea, manerak dira eroak galtzen duen lehena, bakea da erotzen duena, bakeak ez duelako oinarririk, teorikoren bat agian, enpirikorik ez. Manerak isilean dira. Baxu dira. Igo eta jaisten diren mikroekin dira. Inprimaki bat dira. Botoi bat sakatuz dira. Hitz luze eta aspergarriz dira. Abandonatuz dira. Botereak ez du oihu beharrik.

Isiltzeko eskatu aurretik, deseroso zaudelako, entzun oihu egiten duenari.