argia.eus
INPRIMATU
Lurraldea eta arkitektura
Zein da jomuga
Ula Iruretagoiena 2024ko urtarrilaren 31

Eraikinak albistegiaren lehen lerrora etorri dira; batzuk eraikitzen hasiak direlako, honakoa eraitsi egingo delako eta hangoa, eraikitzea posible egiten duen bidea asmatu bitartean, eraikina izango ez delako, oraingoz. Guztietan, eraikina polemikaren erdigunean, eraikina boteretsuen, jauntxokeriaren eta politikagintzaren jostailutxo bilakatu delako. Arkitekturak ezer gutxi inporta du eraikinaren konplot hauetan. Ez du interesik eraikinak zer-nolako argitasun espazioak izango dituen, nola erlazionatuko den sarrera inguruarekin, zein izaerako afektuak sortarazi ditzakeen jakiteak edota ea eraikuntza sistemak berrikuntzarik dakarren galdetzeak.

Arkitekturari muzin egin arren, arkitekto eta politikariek bat egiten dute gauza batean, biek sinisten dute eraikin batek egoera bat aldatzeko duen gaitasunean. Baina eraikinen bertutea zikinduta gelditzen da arkitektoak eraikina bere super-egoaren manifestaziora zuzentzen duenean edota politikariak bozkak emango dion komunitate baten alde egiten duenean. Agian antzerkiaren ikusle garenon haserrea leunduko luke eraikinaren erabileraren aitortza entzuteak, lotsagabekeriaren ekintza ausarta bat sikiera. Dela laguntasuna, diru-inbestitzea, jauntxoren batek bere aitari egindako promesa edo arerioa ahultzeko estrategia. Eraikinaren eraikuntzak gizatasuna irabaziko luke, akaso. Kontrara, miseria diskurtsiboa entzutea tokatzen zaigu: “Eraikin berriak kulturaren alde egingo du, ekonomiaren ziztatzailea izango da”. 

Denok konprenitu dezakegu eraikin batek ahalbidetu ditzakeela gertaera asko, lagungarri izan daitekeela loturak katalizatzeko. Espazioa gertakizunen lotzaile eta sustatzaile izan daiteke, beti ere, eta hemen dator marra zuzentzailea, “baldin eta giza-testuinguruak horretarako ehundurarik badu”. Testuinguruaren onarpenik gabe, eraikina ekintza inposatzaile bilakatzen da, hezurdura garesti bat, ez arkitekturarik ez agentziarik ez duena.