argia.eus
INPRIMATU
Gazteek, gero eta hiztegi murritzagoa
Arkaitz Zarraga Azumendi @azarramendi 2024ko urtarrilaren 24a

“Gazteek gero eta hiztegi murritzagoa darabilte”, “gazteen hizkerak gero eta mailegu gehiago ditu”, “gazteei adierazkortasun gabezia nabari zaie”, “laster erdaraz arituko gara euskaraz ari garelakoan”. Askotan erabiltzen ditut horrelako baieztapenak irakasleentzat antolatutako ikastaroetan. Arbelean idatzi eta ikasleei ados dauden galdetzen diet; jakina, gehienek baietz. Ondoren, zera botatzen diet: lehenengoa Konfuziok bota zuen K.a. 510. urtean. Bigarrena, Aristotelesek K.a. 329an. Hirugarrena, Habermasek… Plagio kaskarra da egiten dudana, behin beste irakasle batek egin baitzigun guri, baina ez nituen ez esaldiak, ez autoreak apuntatu eta, hortaz, asmatu egiten ditut. Azken esaldia bai, azken hori Lazkao Txikik bota zuen. Txarrena da irakaslea nor izan zen ere ez dudala gogoratzen, eta ezin eskatu benetako aipuak.

Ohikoa izan da beti gazteen edo belaunaldi berrien hizkerari kritika egitea, “garai batekoa” hobea zelakoan. Gure kasuan, gainera, gazteek ez ezik, pisu handia hartzen dute hizkuntzara heldu berri direnek ere, euskaldunon portzentaia handia baitira. Ondorioz, inoiz baino “euskaldun” gehiago dira beste hizkuntza batean trebeagoak. Horren arriskurik larriena, ordea, ez da euskara “kaskartzea”, euskarari uko egitea baizik.

Ohikoa izan da beti gazteen edo belaunaldi berrien hizkerari kritika egitea, “garai batekoa” hobea zelakoan

Hizkuntza ez erabiltzeko arrazoietako bat txarto egiteko beldurra izan daiteke. Gurea bezalako hizkuntza gutxituetako hiztunek eskapada erraza dute, inork gutxik kritikatzen baititu gaztelaniaz, frantsesez edota ingelesez trakets egiteagatik, eta hizkera aberasten eta egokitzen joateko baliabide ugari dituzte eskura. Izan ere, gaitasun komunikatiboa ez da soilik eskoletan eskuratzen, ezta euskaltegietan ere; bizitzaren esparru guztietan ikasten da, eta azken aldian batez ere pantailetan. Hizkuntza hegemonikoek era guztietako egoera komunikatiboak dauzkate grabatuta (benetakoak nahiz fikziozkoak) eta horrek etengabe hizkuntzarekiko kontaktu zuzenean egoteko aukera ematen die hiztunei, eta erregistro guztiak lantzeko ere bai. Erdarazko input kopuru ikaragarria jasotzen dugu guztiok, arnasguneetakoek zein estuguneetakoek eta, ondorioz, hiztun trebatuak gara erdaretan.

Horregatik, ezinbestekoak ditugu ikus-entzunezko materialak, kultur ekoizpen nahiz komunikabideetakoak edo errealak. Ondoren, ahozko eredu egoki eta ugari horiek fokuen aurrean jarri behar ditugu eta ondo sustatu, hizkuntza forma erakargarriak begi-belarrietatik sar daitezen. Hori guztia egin behar dugu, bai, baina batez ere, hizkerak kritikatzeko ohitura hori amaitu egin behar da. Ez da boli gorrien garaia, mese!