argia.eus
INPRIMATU
Oihu ozenagoa!
Arantza Gutierrez Paz @arantzatxu 2024ko urtarrilaren 17a

Esaten dute irudi ikaragarrien gehiegizko esposizioak nolabait izugarrikeriaren aurkako txerto moduan funtzionatzen duela, ohitu egiten garela, eta, finean, azkenean ohituragatik ez gaituztela inpresionatzen. Lazturaren hutsaltzea omen da fenomenoa. Bada, ni ez naiz normala. Palestinatik egunero datozen irudiek kolpatzen bainaute behin eta berriro, eta, daitort, une zehatz batzuetan ez diet ezta begiratu nahi ere, minak eztarrian eragiten didan negargura isilak itoko nauen beldur. Eta aldi berean, genozidioa geldiarazteko ezintasunak eta europar isiltasun konplizearen (nahi ez arren) parte izatearen erru-sentimenduak esaten didate sikiera hori zor diedala hildakoei, zaurituei, etxetik botatako milaka palestinarrei: irudiak jendarte osoari helarazten lagundu.

Eta ez da soilik Palestinan. Mundu pribilegiatuaren aldean bizitzea egokitu zaigunon ongizatea askotan beste pertsona eta herrien zapalkuntzan eta odoletan sustraituta dago. Orain, Europar Batasunak onartu berri du Migrazio Ituna, gure indiferentziak babesturiko egoera lazgarri horietatik ihes egiten duten pertsonei ateak are gehiago ixteko. Eta nik ez dut ulertzen nola ez ditugun zumardiak betetzen, gero eta ozenagoa behar den oihu bateratu batean: “Ez nire izenean”.