argia.eus
INPRIMATU
Lurraldea eta arkitektura
Kopiak
Ula Iruretagoiena 2024ko urtarrilaren 17a

Berriak dio Arkitekturako Harvard unibertsitateko irakasle bat salatu dutela tesiaren zati bat kopiatu izanaganatik. Duela urte pare bat, Princeton-eko dekanoaren plagio salaketa baten eskandalua zabaldu zen, eta hango kasua gertuagotik jarraitzeko aukera izan genuen, kopialaria arkitekto espainiarra zelako eta hark bizitako prozesu guztiaren berri liburu batean jaso zuelako. Goi mailako akademiaren estoldak kaleratu zituen, esanez, erakundeari suposatzen zaion ezagutza eta pentsamendu librearen etxea izatetik urruti, boterea mantentzearen ordainetan irakaslegoa ideologia baten militante bilakatzen dituela. Egiazko gertakarietan oinarrituriko telesaila idazteko tramak dira biak ere: kopia ekintza maltzur onartezina deklaratuta, gezurra esatearen moralari etekina ateratzen zaio, aitortzerik ez diren botere egiturak isilpean gordetzeko.

Baina eraikinak diseinatzearen alorrean, kopiatzea zilegi izan da. Izatez, garai historiko luzeetan zehar arkitektura egitea oinarri batzuen kopia egiteko ariketa izan da. Eraikitzeko gida orokor eta estetika bat osatuta zegoen eta arkitektoak arauak aplikatzen zituen tokiko baldintzetara egokituz, kopiaren barianteen arkitektura eginaz. Dena dela, eraikin batean zaila izaten da kopiatua izan dela salatzea, eta jurisprudentzia legal eskasa dago arkitekturaren eremuan. Bestalde, ez kopiatzeko behar bat sortu da garaikidetasunak eraikinei originaltasuna eskatu dionean. Arkitektoak ahalegin handiak egiten ditu bere sormen originala ezaguterraza izan dadin, eta horretarako ikusgarritasunera jo izan du, hots, forma deigarri bat egitera.

Kopiatzea pedagogikoa izan daiteke unibertsitatean; behin kopiatzea ekintza publikoa egiten denean, zenbat ikasten den kopiatzen! Kopiatzearen saiakeran beti dago aurkikuntza pertsonalik, ezin baita goitik behera kopiatu, eta orduan agertuko da berritasuna eta ekarpen originala, seguruenik, txikia eta umila. Eta horrela onartzen dugu arkitektura jakintza kolektibo bat dela, kopia kolektiboa.