argia.eus
INPRIMATU
Kalekumeak!
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2024ko urtarrilaren 18a

La Urbe
Chulería, JODER!
Autoekoizpena, 2024

-------------------------------------------------------------

Bizkaiko Ezkerraldean nerabezaro berantiarrean sortutako Desorden taldeak nire arreta piztu zuen haien gaztetasunean punk-rocka sinesgarri eta fresko bilakatzen zutelako, baita harribitxia den haien abeslari Iratxeren jarreragatik ere. Gogoangarriak ziren haien kontzertuak eta erakusten zuten jarrera.

Taldea desegin zuten, baina orain, urte batzuk pasata, Iratxe abeslariak talde berri hau sortu du Ezkerraldeko Miriam eta Eneko "Alda"-rekin, eta Aramaioko Antxonekin (Volquete, 112). Kontzertuak barra-barra egiten hasi dira, eta gehiago itxaron gabe, Haritz Harreguyren estudiora jo dute sei kantu hauek grabatzera. Emaitza begi bistan dago. Gauzak argi dituzte eta denbora oso azkar doa, ezta?

Kalekumeak dira erabat, eta rock-and-rollak izan duen lotsagabekeria non-nahi konbikzioz aldarrikatzeaz gain, "geriatrizatutako" eszena iraultzeko helburu argia dute, mahaian kolpea joz nagusi zein gazteak behingoz iratzartzeko asmo sutsuarekin.

Hacer algo da horren adibide, aho-bilorik gabekoa: 1980ko hamarkadako punk melodikoa tenpo erdiekin, ostia txarrekoa eta zirikatzailea. Infernua ilunagoa da, baina era berean itsaskorra, rocka beti zainetan. Tus amigos-ek badu Anticuerpos eta Mamen-ekin ahaidetasunik, gerora bizkortzen bada ere hit! bat bilakatuta.

Diskoa kaleratu aurretik argitaratutako bideoklipeko pieza da Geltokia, diskoaren ardatza edo, hobe esanda, erdia: balada dela diote taldekideek, baina hau ere barneko indar eta amorru handia azaleratzen duen kantatzar urratzailea da. Bideoak, gainera, emaitza musikal desberdina izanda ere, taldearen bestelako irudia ere erakusten du; originala da. Ez da taldearen ikur eta asmo erakusle argia: punk-rock azkar eta zirikatzailea. No profanación handia da, beste hit! bat, Sumision City Blues taldekoei karta jokoan irabazi eta horren onena hartuta bere egiten dutena. Azkenik, Última hora da kontzertuei bukaera emateko kantu bortitz eta eztandagarria. Biba zuek eta zuen harropuzkeria zirikatzailea!