argia.eus
INPRIMATU
Dolua eta kalitatezko osasun-sistema publikoa
Eva Perez-Pons Andrade @Eva__96 2024ko urtarrilaren 10

Duela hilabete batzuk, ahizpak bost hilabeteko haurdunaldia eten behar izan zuen umekiak buruan zekarren deformazio baten ondorioz. Malko artean hartu zuen erabakia, eta berria eman eta bost egunera umea (Xoán) erditzen zegoen Gurutzetako ospitalean (garapen-maila horietako umekiak erdituz abortatzen dira).

Abortuak iraun zituen ordu horietan guztietan, tratu ikaragarri ona izan genuen emaginaren eta ginekologoaren partetik. Ezin berdina esan, ordea, Gurutzetako zerbitzuaz; ama berrien atalera zuzenean eraman ordez, laugarren solairuko oherik gabeko gela batean sartu zuten ahizpa, eta orduetara, behin epidurala eskatuta, jaitsi; ahizpa zeliakoa izanik, ezin izan zioten ospitaleko elikagairik eman, denak, jogurt batek salbu, glutena zeukalako; eta duela gutxira arte borrokan ibili gara Xoánen gorpua aurkitzeko. Hasieran, organo kontsideratu eta bota zutela komunikatu zioten ahizpari, nahiz eta 2016tik gurasoek eskubidea duten, edozein dela umekiaren garapen-maila, gorpua hartu eta agur esateko. Duela gutxi jakinarazi diote gorputza agertu egin dela.

Dolua egitea eskubidea da, eta horren bermea kalitatezko osasun-sistema publikoari lotuta dago.