argia.eus
INPRIMATU
Literaturaz gozatzeko gonbidapena
Xabier Etxaniz Erle 2023ko abenduaren 21

Mundua pitzatuta dago baina hantxe gabiltza oinez
Testua: Harkaitz Cano
Ilustrazioak: Isabel Herguera
Erein, 2023

--------------------------------------------------------

Fernando Bernués antzerki zuzendariaren ideia batetik abiatu zen Harkaitz Cano esku artean dugun liburu bitxi eta zoragarri hau idaztera. Neskatxa batek, Oihanak, bere istorioa kontatzen digu: gurasoekin duen bizimodua, amaren heriotza, ondorengo samina, liburutegian lan egiten duen Agatarekin duen harremana, aitarekin berregiten duen bizitza… Asko dira Oihanak kontatzen dizkigun kontuak; koadro batean pintzelkadek edo pintura tantek osatzen duten irudia bezala horrela joango da Cano osatzen Oihanarena.

30 atal laburretan (bizpahiru orrikoak luzeenak) egileak Oihanaren istorioa kontatzen digu, baina, era berean, irakurlearen inguruan sare bat osatzen du, irakurlea, armiarmak euliarekin egiten duen bezala, harrapatuta gera dadin testuan, testuak kontatzen digun istorioan eta, batik bat, istorioa kontatzeko moduan.

Gertaerak iradokitzen (amaren heriotza narratzean bezala) edo modu poetikoan kontaturik, irakurleak testuaren mezua eraiki behar du bere barnean, esaten denetik at irakurri, kontatzen denetik haratago ikusi. “Batzuetan istorio bat kontatzen dizute eta barre egiten duzu. Beste batzuetan, istorio berbera kontatzen dizute eta negargura besterik ez duzu sentitzen”.
Liburua, gainera, irakurketaren aldeko edo liburuen aldeko aldarria ere bada. “Liburuek ez dizute ezertara derrigortzen, gonbite bat dira”; horretarako, batzuetan, literatura unibertsaleko erreferenteak erabilita ere: “Eta postariak: 'Baina, Pablo… Poemak ez dira idazten dituzuenonak, haien premia dugunonak baizik'”.

Mundua pitzatuta dago baina hantxe gabiltza oinez, horixe omen dio Afrikako esaera zahar batek. Eta munduko gorabehera guztien artean gu gaude aurrera egiten, oinez. Harkaitz Canoren obra honek aurrera egiten laguntzen digu, egoera okerretan ere oinez jarraitzera animatu. Baina horien guztien gainetik Literaturaz (hizki larriz) gozatzera, Canoren literaturaz, Afrikako kulturari eginiko erreferentziekin eta obran aipatzen diren hainbat idazleren aipuekin gozatzera; baita Isabel Herguerak eginiko irudiekin hunkitzera eta istorio zoragarri batean barneratzera ere. Horietara eta beste mila lekutara eramango gaitu liburu honek. Literaturaz gozatzeko gonbidapena.