argia.eus
INPRIMATU
Inozente
Nora Salbotx Alegria 2023ko abenduaren 28a

"Ume irlandar baten erantzuna, handitan zer izan nahi ote duen galderari: Preso ohia". Harkaitz Cano, 2023.

Behin eta berriz itzultzen ohi den lanbideak gaia suertatu da ikasturte hartan eskolan. Maistrak, betiko gisan, bat-banaka galdetu die neskato-mutikoei ea zer izan nahi ote duten handitzearekin. Eta hor ari dira etorkizuneko erizain, suhiltzaile, maistra, futbolari, polizia –bai, polizia–, zurgin, ile apaintzaile eta astronautak azaleratzen. Martinen txanda ailegatu da gero. Eta zuk, Martin, zer nahiko zenuke izan handitzearekin?... Nik? Nik, mutilzahar. Sasoi hartan, tiktoker, influencer, youtuber eta, oro har, e-erre hizkiez akitzen diren eginbide horien guztien aukera Palo Altoko garajeren batean gordinxko dago oraindik.

Mercedes txikia prest da, hor nonbait. Eta hantxe joan da mahastien herriko ikastola sortu berrira, maistra –berdin– egin berri batengana. Oro berri da han, oro zail, kartsu, urri eta, akaso, hortaz, andereño hura dena mesedez eskaka dabil. Mesedez, hartu margoak, mesedez, bildu paperak, mesedez, jantzi amantala; mesedez hau eta mesedez bertzea. Laugarren egunean edo, aski! erran du 3 urteko Mercedes matxinatu batek dakien gaztelaniarik hoberenean: Nardatu naiz aldiro niri dena agindu behar horrekin! Eta gainera, nire izena gaizki erraten duzu, merce, ce da eta ez mersssedes!

Aspaldiko kontuak gure Mercedesenak, ereindako euskara hura guztia hazitik gora ernatu aitzinekoak, segur, orain dela hamarkada aunitzetakoak eta ez hainbertzeko hezkuntza legetakoak.

Euskal XX. mende akabera horretan, maistrak nahiko lan izan du listua irensten eta pentsatzen zein leihotik eskapu egin haur ikusbera horien galdemoduei

Herriko eskolan korroan jarrita daude haurrak. Goizeroko moduan ari dira haien kontu garrantzitsuez solasean. Bestak pasatu berritan, plazako ikurrin zuri berde gorriak, Nafarroako banderak eta haien ondoan dauden bertze zuri-beltz horiek zer ote diren ongi jakin ez eta, Anttonek baietz, berak badakiela: Horrek erran nahi du Erratzuko lapurrak Erratzuko kartzelan beharko luketela egon eta Arizkungoak Arizkungoan, Amaiurkoak Amaiurko kartzelan eta horrela denak.

Beharrik Antton. Euskal XX. mende akabera horretan, maistrak nahiko lan izan baitu listua irensten eta pentsatzen zein leihotik eskapu egin haur ikusbera horien galdemoduei.

Eta izurritea ailegatu da halako batean, bere etxealdia eta guzti. Noizbait baimena eman dute etxetik ateratzeko, hala moduzkoa, betiere. Hortxe, bakartuta, denboraz eta distantzian ere mugatuta, joan dira ama-alabak, ttipi-ttapa, amaren azalpenei bere 7 urteek uzten dioten heinean kasu eginez alaba. Madarikatuak! oihu egin du txikiak lore hori batzuk bildu bidenabar, madarikatuak birusa eta poliziak! Birusaz ahantzi airean gabiltza gaur, poliziaz ez hainbertze.

Gure etxeetako pantailez bertze aldera, genozidio baten zuzeneko emanaldi ahalkegarri honetan, niki belzdun palestinar mutiko koxkorra negar-marrumaka dago. Halaxe erraten dio ondoan duen trikota azuleko lagunari: Zure aita martirizatu dute, nik ikusi dut, nik oraintxe ikusi dut, bai, lo zegoen! Eta lagunak ihardetsi: Eta nola dakizu hori? Agian egiazki lo zegoen edo agian ez (negar-marruma gehiago).

Palestinako haurrek ere preso ohi izan nahiko lukete, bere aberrian. Eta olibondo adarretara lotutako sokez gorgoinak egin.

"Haurrek adierazpen-askatasunerako eskubidea izango dute; eskubide horrek bere baitara bilduko du era guztietako informazioa eta ideiak bilatu, jaso eta zabaltzeko askatasuna, mugak kontuan hartu gabe, ahoz, idatziz edo inprimatuta, modu artistikoan edo haurrek aukeratutako beste edozein bide baliatuta". Haurren eskubideei buruzko konbentzioa, 13.1. artikulua, 1989.