Gerraostean Espainiako Estatuan gutxienez 400.000 pertsona aritu ziren derrigorrezko lanak egiten langile-batailoietan edo soldaduen zigor-batailoietan, esklabo bezala. José Luís Gutierrez Molina historialari andaluziarrak eman du datu hori.
Andaluzian oroimen historikoa berreskuratzeko Todoslosnombres.org datu-base proiektuaren sustatzaileetakoa da Gutierrez eta María Servini Argentinako epailearen aurrean jarritako frankismoaren krimenen kontrako kereilaren egileetako bat ere bai. Bere esanetan, bortxazko lanen balioa 800 milioi eurotan kuantifikatu daiteke: “Tailer txikietatik hasi eta euskal, katalan zein andaluziar industria handiraino, ez zen izan sektorerik langile esklaborik gabe”, dio.
Euskal Herrian, ezagunak zaizkigu errepideak egiten hotzez eta gosez zientoka lagun nola eduki zituzten kontatzen dituzten historiak, batez ere Fernando Mendiola eta Edurne Beaumont ikerlarien lan aitzindariari esker. Baina eskulana harrapakin bezala erabili zuten enpresen izenak ez ditugu oraindik ikasi, horietako batena salbu, duen sinbolismoagatik: Huarte y Cía SL.
Herorien Harana eraiki zuen Felix Huarte enpresariak itzal luzea utzi zuen Nafarroan. Bigarren Errepublikako agintariekin zituen kontaktu guztiak hautsi eta 1936ko altxamenduaren ostean alkandoraz aldatu zuen horietako bat izan zen –Nafarroako Aldundiko lehendakariorde izan zen–. Inperio handi bat sortu zuen bere enpresa-sarearekin, 17.000 lagun enplegatzeraino: horietako zenbat ote ziren benetan libre?
Nafarroako garapen industrialean Huarteren ekimenak gakoak izan zirela dio historiografia nafar eskuindarrak, besteak beste, 1964an Industria Sustatzeko Plana (PPI) diseinatu baitzuen. Baina Iván Giménezek El corralito foral liburuan dio garapen hori lehenagotik zetorrela, eta PPIko dirulaguntza gehienak Laminaciones de Lesaka, Leitzako Sarrió paper lantegia eta batez ere Huarteren enpresetara bideratu zituztela –enpresen %4k laguntzen %70 jaso zuen–. Alegia, diru publikoa handiki iruindarraren poltsikora transferitzeko operazio bikain bat izan zen: “Ur handiko arrainek mokadu onena jaso zuten”.
Agintari frankistek enpresari lagunei sosak aurrezteko irekitako beste modu bat fiskalitatea izan zen. Nafarroan, enpresei ezartzen zieten zerga-presioa beste lurraldeen erdira ere ez zen iristen
Agintari frankistek enpresari lagunei sosak aurrezteko irekitako beste modu bat fiskalitatea izan zen. Nafarroan, enpresei ezartzen zieten zerga-presioa beste lurraldeen erdira ere ez zen iristen: “Egiaz, aurretik inbertsioak eginda zituzten industrialei egin zien mesede horrek”.
Huarte enpresa gaur egun OHLA akronimoen H-a da eta hegoak zabaldu dituen multinazional handi bat dago bihurtuta. Huarte familiaren hirugarren belaunaldiak, aldiz, frankismoko esklaboen lan hartatik sorturiko fortuna erraldoia tokiz aldatu du: Madrilen egoitza soziala duen Uriel Inversiones funtsaren bidez mundu osoan dibertsifikatu du negozioa badaezpada… 14 milioi euroko bere kapitala ez baita ahuntzaren gauerdiko eztula.
Babcock & Wilcox-etik Industrias Egañara
Zenbaitetan enpresariak kontzentrazio esparruetara edo presondegietara joaten ziren zuzenean, batailoiak sortu eta langile bila. Gutierrezek Lanaren Bidez Zigorrak Luditzeko Patronatutik ateratako datuetatik edo Fernando Mendiolak Memoriaren Bideak argitalpenean jasotako zerrendatik, esklaboak erabili zituzten euskal enpresen izen gehiago badakizkigu:
Iruñeko Mugica y Arellano nekazaritzarako-makinen lantegiak presoak erabili zituen bere probetxurako; Sestaoko Babcok & Wilcox konpainia mitikoak ere gauza bera egin zuen 1939 eta 1945 artean –168 esklabo erabiltzera iritsi zen–; Zestoan, Arroako harrobian, presoek harria kargatzen zuten Ferrocarriles y Construcciones ABC enpresarentzat; Industrias Egaña metalurgia tailerrak ere presoak erabili zituen –tartean Saturrarango emakumeen kartzelakoak–, besteak beste 1936ko frankisten kanpaina goraipatzeko zientoka milaka medailoien enkarguari aurre egiteko... Zerrenda luze baten adibide batzuk baino ez dira horiek.