argia.eus
INPRIMATU
Busturialdea, nora zoaz?
IƱaki Barcena 2023ko abenduaren 31

Joan den urriaren 28an manifestaldi jendetsua egin zen Gernikan. Aspaldiko partez, 1987an bonbardaketaren 50. urtemugaren harira egindakotik, agian, handiena. Berton,  instituzio politiko zentral, autonomiko eta probintzialetik babestutako Guggenheim museo proiektu berriaren inposizioa salatu zen.  Agerian geratu denez, Busturialdeko herritarren parte handi batek ez du begi onez ikusten “kanpotik” ekarri nahi dieten “garapen” turistiko eta ekonomiko-kulturalerako eredu hori.

Lau hilabete aurretik, maiatzaren 30ean, Astra espazio autogestionatuan 50 lagunen batzar batean aurkeztu zuten “Busturialdeko Iraunkortasunerako Indizea” sortzeko prozesu parte-hartzaile baten proiektua, EHUko Ekopol eta Parte Hartuz ikerketa taldeko, OMALeko (Latinoamerikako Multinazionalen Behatokia) eta Euskal Gune Ekosozialistaren partaideek.

Nire aburuz, bai helburuetan bai prozeduretan ere, bi adibide horiek krisi ekosozialaren aurreko irtenbide eta soluziobideak topatzeko bide kontraesankor eta antagonikoak dira, argi eta garbi.

Proiektu pilotu bat garatuko da Busturialdean, baina erreferentzia izan daitekeena Euskal Herriko beste bailara eta eskualdeetan

Batak, nazioarteko frankizia ezagun baten leloarekin, eta Urdaibaik dituen dohain natural eta paisajistikoen erakargarritasuna profitatuz, hazkunde ekonomikorako proiektu bat ezarri nahi du, goitik behera eta inpaktu sozio-ekologiko negatiboak aipatu edo neurtu gabe.

Besteek, aldiz, prozesu parte-hartzaile bat diseinatu dute, non ikerlari eta herritarren arteko elkar kolaborazioan bost ardatzen azterketa eta neurketa egin nahi duten. Hasteko, ardatz metabolikoa, hots, energia eta materialen sarrerak eta irteerak, Busturialdean nolakoak diren eta nola ari diren eboluzionatzen ikusi eta ikasi. Edo bertoko ekosistemek ematen duten ingurumen kalitaterako datuak bildu eta aztertu, eta modu berean jarduera ekonomikoekin, gizarte kohesioarekin eta hiritarren parte-hartzearekin edo bizitzaren bestelako dimentsioarekin.

Batzuentzat, soilik adituek egingo dute diseinua, ondo ordainduta, baina instituzio eta partidu gobernariek markatutako enkarguaren jarraipena eginez, hazkunde ekonomikoa helburu ia bakarra izanik, alegia. Besteon ikuspegitik, proiektu pilotu bat garatuko da Busturialdean, baina erreferentzia izan daitekeena Euskal Herriko beste bailara eta eskualdeetan. Busturialdeko datuak (bost ardatzetakoak) bildu eta bertoko herritarrekin, eragile sozialekin, elkarteekin eta instituzioekin eztabaida prozesu parte-hartzaile bat martxan jarriko da, hurrengo bi urteetan. Diru bila ari dira lanak antolatzeko. Besteak, denon diruarekin negozio berriak ari dira bilatzen.