Euskadiko Orkestra Sinfonikoa
Zuzendaria: Juraj Valcuha.
Narratzailea: Dorleta Urretabizkaia.
Egitaraua: Copland eta Mahlerren lanak.
Non: Gasteizko Principal Antzokian.
Noiz: Abenduaren 15ean.
-------------------------------------------------------
Euskadiko Orkestrak bat egin du Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 75. urteurreneko ospakizunekin, eta abonu-kontzertu bat eskaini du, Aaron Coplanden Preamble for a solemn occasion lanarekin. Lan horrekin ospatu zen, hain zuzen ere, deklarazio horren lehen urteurrena. Oraingo honetan, obra horren diskurtso-bertsioa eman da, Dorleta Urretabizkaiak euskaraz irakurritako testuarekin.
Obra 1949an sortu zen, aipatutako efemeridearentzat hain zuzen ere, eta Euskadiko Orkestraren kontzertu honen abiapuntua izan zen, Juraj Valcuha zuzendari eslovakiarraren batuta bereziarekin.
Bratislavan jaio eta gaur egun Houstongo Orkestraren zuzendari titularra den Valcuharen zuzendaritza izan zen kontzertuaren gauzarik azpimarragarriena. Zuzendaritza zorrotza, bikaina, ia kirurgikoa bere perfekzioagatik. Horrek aukera eman zigun programa osatu zuten bi lanen motibo eta frase bakoitzaz gozatzeko.
Coplanden obra, sei minutu eskasekoa, irmo iritsi zen entzuleengana. Obrak, nahiz eta 74 urte igaro diren konposatu zenetik, ez du freskotasun izpirik galdu. Soinu-ehundurak gardentasunez eta dotoretasunez hautematen diren lana da. Ederra.
Baina, agian, Valcuharen zuzendaritza perfektua nabarmenago geratu zen programaren bigarren obran. Gustav Mahlerren 1. Sinfonia re maiorrean 'Titan' xehetasunez betetako oparia izan zen. Aipatu bezala, zuzendaria Bratislavan jaio zen, Kalistetik –Mahlerren jaioterritik– 200 kilometrora. Agian xehetasun horrek azaltzen digu zuzendariak duen konpositore bohemiarraren soinu-munduaren ulermen eta itzulpen perfektua.
Sinfonia erraldoi honen ñabardura guztiak argi eta garbi azaldu zituen zuzendariak. Muturreraino disekzionatu zituen. Sinfoniaren mugimendu bakoitzak giroa eta ñabardura egokia adierazi zituen, baina mugimenduetako bat nabarmendu behar badugu, hirugarrena –Feierlich und gemessen, ohne zu shleppen (solemnea eta neurritsua, arrastatu gabe)– izango litzateke. Valcuhak motibo bakoitzaz egin zuen transizioa magistrala izan zen. Modu minorrrean egindako Frère Jacques famatutik, bohemiar melodia goxora, hungariar giroko zirku kutsuko pasarteetatik pasata, dena oso argi zegoen, garbi-garbi, eta oso igarobide dotoreekin.
Benetan zoragarria Valcuhak orkestrarekin egindako lana. Zorionak.