Zer egin dizute, maitea?”. Egunkari baten aurrean nago, berriro, bista apartatu beharrez, arnasa hartzeko. Tortura lekukotzekin gertatzen zitzaidan. Gertatzen zait, oraindik, dirudienez. “Prozesuko dokumentuetako gertaerek hiru urte baino gehiago iraun zuen biolentzia sexuala deskribatzen dute, 1998an, biktimak 13 urte zituela hasi zena”.
Dardara batzuek garuneko geruza sakonen batean sortuak dirudite. Memoria dute, eta ez dira samurragoak horregatik, kontrakoa: martxan darraiela badakigun makinaria batek azpian harrapatu du, denen begien bistan, Gernikan, eta berari ez bada, beste norbaiti gertatzen ariko zaio orain. Gizartea gerta dadin prestatuta dagoelako. Eta ez dira gure besoak denak babestera iristen. Eta espiral ilunetan barrena galtzen gara, bakoitza geure etxean.
Etxera deitzen zion, eta biktimak joatea beste aukerarik ez zuela sentitzen zuen. Borondatea erauzi zion, esklabo bat zuen. Hamahiru urteko haur bat zen, hogeita hemezortziko heldu bat orain: hori ez dira hiru urte, ez, hori lapurtutako bizitza oso bat da. Eta erabaki zuten ez zuela balio, bizitza horrek ez zuela balio, eta erasotzailearenak bai, bi bizkarreko, gizon klasiko bat.
Baina, berez, “begira zer egin duzun, maitea”. Hitz egiten duen emakume bakoitzak jartzen dio ispilua gizarteari: bakoitzak jakingo dugu nolako eta non ikusten dugun geure burua, begiratzen ausartzen bagara. Kontatu duen izugarrikeriarekin, berez, ez du mendetako bataila galdu baten berri eman, nire gorputzak lehen kolpean sentitu bezala. Nire gorputza ez dago heroiak identifikatzeko prestatuta. Hori izatera behartu dugu, heroi. Geu salbatuko gaitu bere kalbarioak. Borondatea berreskuratu du, ez da esklabo bat, inporta dute bere bizitza urteek, noski pertsona dela, noski boterea duela. Ea ez duen gehiago izan behar. Heroi. Ea orain datorkion gerran erretagoardia sendoagoa ematen diogun.“Eskerrik asko, maitea, zeure esanetara”.