argia.eus
INPRIMATU
Materialismo histerikoa
Oihartzunak
Uxue Apaolaza Larrea 2023ko abenduaren 14a

Literaturaz gaixo gaudenok edozein aukera aprobetxatzen dugu gure bizioa kutsatzeko, eta horretan aritzen naiz ipuin irakurle klub maitagarri batean. Ipuin eredu klasikoenen egitura aztertzeko azkena irakurri genuen ipuin batean, amaierako kolpea jasotzeko beharrezkoa zen hitz batzuen oihartzuna, hitz batzuek beren horretan daramaten kargaren nolabaiteko memoria izatea. Yiddisha, lantegia, Auschwitz. Zalantza nuen gazteenei guri egiten digun oihartzuna egingo ote zien Auschwitz hitzak. Nolabaitekoa bai, egin zien.

Zergatik eusten dio Auschwitz hitzak oihartzun izugarri horri? “Agian, oraindik bizirik daudelako handik pasatakoak?” proposatu zuen batek. Ez dut uste. Gerra galdu bat, diskurtso oso ondo eraiki bat... ez da deus jakin behar Auschwitzi buruz, hitza beldurgarria izateko. Nor ez dugu ezagutu beharrik beldurgarria izateko? Orain, gerra handirik ez dugula, baina etengabe gerraren batek beldurtzen gaituela, Hirugarrena bilakatuko delakoan (bonba etxera botako digutelakoan), oihartzuntxo asko sortzen zaizkigu, agian, ez hain iraunkorrak. Bin Laden, kasu. Kadafi, kasu. Sadam Husein, kasu.

Eta oraintxe bertan, zer izenek beldurtzen zaitu, Putin izenak ala Zelenskik? Putinen aurpegiak izoztu egiten gaitu, berez, berari buruz ezer jakin gabe ere: nahikoa da KGB (zer da KGB?), espia... kasik nahikoa da errusiarra izatea. Obama izenak nor beldurtzen du? Zenbat hil zuen Obamak? Israel entzutea Auschwitz entzutetik zein distantziatara dago?

Haur batek zenbat jende hiltzeko, beldurtzeko, azpiratzeko denbora eduki du? Haurrek, beraz, ez gaituzte beldurtzen. Batzuek gupida handiagoa sortzen digute beste batzuek baino. Palestinakoak adina haur ukrainar ez lirateke jasangarriak gure pantailetan.

Zaudete. MENA. Zenbat beldurtzen dira MENA entzunda? Zer oihartzun du MENA hitzak? Zer esan nahi du berez? Bakarrik. Urrun. Eta ume. Nola lortzen da ume esan nahi duen hitz batek Obamak bezainbeste hil duen tipo batek baino beldur handiagoa sortzea? Kontuz, ea egun batean gu esnatzen garen labezomorro beldurgarri bilakatuta.