Ray Loriga idazleari entzun nion behin idealizatzen ditugulako aukeratzen ditugula gure lagunak. Erabili zuen irudia bitxia zen oso: gure debozioaren likidoa ontzi batean sartzen dugu behar dugunerako. Gure edukirako edukiontzia da. Eta, alde horretatik, maitasun harreman guztietan, eta adiskidetasunean ere bai, noizbait esanen dugu: huts egin dit. Baina gu gara egiazki itxaropena sortu eta ontzietan sartu genuenak. Gu gara besteengan amets zoro sorta bat jarri genuenak: baina haiek ez dute errurik, ez dira Norvegiako Errege. Non eta besteak ez diren hain iruzurtiak gu konbentzitzeko hala dela, desberdinak direla. Baina kaletik doazen eta maitatzea erabakitzen dugun izaki errugabeek, lagun edo bikotekide gisa maitatzea erabakitzen dugun horiek, ez dute errurik, errugabeak dira, eta inoiz ez ziguten agindu gure debozioaren objektu perfektua izango zirenik. Lorigak garbi dauka: agian hori da gure harremanetan ditugun ia gatazka pertsonal guztien jatorria. Hobe dugu jendea den bezala onartzen saiatzea, eta ez neurrigabeko proiekzio batean giltzapetzea. Baina nola egin hori geure burua ere den bezalakoa onartzen ez badugu?