Hautsak harrotu ditu Narayana Murthyk –Time aldizkariak izendatutako Indiako informatikaren aitak eta Rishi Sunak Erresuma Batuko lehen ministroaren aitaginarrebak–. Izan ere, publikoki adierazi du Indiako gazteek astean 70 orduz lan egiteko prest egon beharko luketela herrialdearen garapenean laguntzeko. Konpromisoz. Urguilu nazionalez. Ez du lehen aldia ahoa loriaz betetzen jaun dohatsu horrek: 2020an, COVID-19ak eragindako motelaldi ekonomikoa zela medio, indiarrek –orduan adin konturik ez zuen aipatu– astean gutxienez 64 orduz lan egiteko proposamena ere egin zuen.
Pandemiaren aurretikoak dira, baina ildo loriatsu berekoak, Jack Ma handiki teknologikoaren adierazpenak –Forbes aldizkariak eman zion azala; lehen aldiz, enpresari txinatar bati–. Izan ere, behinola komunismoa besarkatutako martiriak adierazi zuen bedeinkapena dela edonor 996 kultura delakoaren parte izatea: lanean aritzea goizeko 09:00etatik arratseko 09:00etara, 6 egunez astean. Hiru zenbaki horietatik heldu da, hain zuzen ere, alfer (madarikatu) batzuek ezagutzen ez genuen zerua.
Talentu dibinoa behar da gero, ahoa –sakela bezala– loriaz betetzen jakiteko. Alajainkoa!