argia.eus
INPRIMATU
Materialismo histerikoa
Telegram taldeak
Uxue Apaolaza Larrea 2023ko azaroaren 28a

Emakumeoi zaintzak bururatzen zaizkigu etengabe, berezko sormen itzela daukagu, hain trebatuta gaude, batzuetan ohartu ere ez garela egiten, “ostras, hau ere zaintzea da”, “ostras, agian, hogeita hamar pertsona zaintzea ez da jasangarria”, “ostras…”; ez, azken ostras hori ez zaigu bururatzen, azken ostras horrek geure burua zaintzeko esango ligukeelako. Gure grebetan umeak zaintzen dizkigute, ondo, batzuontzat ez dago beste modurik noizean behin ama ez izateko, izateko militante, irakasle edo tabernako goizeko lauretako putazorra. Baina antolatu behar genituzke, geure buruak zaintzeko, alu jateak, koktelak (bloody mary bat niretzat), eta, azken aldian buruan darabilkit, feministak molestatzen dituzten gizontxoei palizak emateko Telegram taldeak.

Zergatik Telegram talde horiek? Bada, emakumeok geure burua zaintzeko dugun modu eraginkorrena feministak zaintzea delako; elkar zaintzea, oro har, baina feministak batez ere. Eta gutako askok umeak ditugu, eta gutxi ateratzen gara kalera, eta ez gara egongo azken uneko matxitoari bururatzen zaionean miresten dugun herriko feminista bati “kontuz”-en bat esatea, bere herriko festetan intimidatzea, beldurra sentiaraztea… Agian, psikologoei deitzeari utzi behar zaio; izan ere, geurea da psikologoen bidez konpondu nahi den botere borroka bakarra (psikologoak biktimentzat, psikologoak eratsotzaileei jarraipenak egiteko). Militantzia mota bati brageta itxi zitzaiola uste genuenean, zakil batzuk irristatzen ari dira berriro zirrikituren batetik, eta bateko eta besteko zakilak dantzan hasten direnean, azpian harrapatzen gaituzte beti. Jaso zakilak berriro, edo neskak, Telegram taldeak sortu beharko ditugu, eta psikologoak despeditu.